Gogor salatzen dugu apirilaren 27an UPNk aurkeztutako Foru Lege-proposamena. Lege honen bidez birmoldatu nahi ditu itunpeko ikastetxeetako unitateen eta ratioen kopurua, itunaren iraupena eta ituntzeko eskubideak.
Proposamen legegilearen lehenengo artikuluak eskatzen du Hezkuntza Departamentuak argi adieraz ditzan kontzertua berritzeko irizpideak, ituna bukatzen den urtean. Irizpideen gardentasuna bermatu behar da beti, eta ez UPNri interesatzen zaionean bakarrik, alegia, familien aukeratzeko eskubidea bermatzeko asmoz denean bai, bestela ez. Eskatzen du, baita ere, itundutako ikastetxeek aurkeztu ahal izatea unitateak irekitzeko beste proposamen batzuk: ikasleen beharrei erreparatzea, berriztapen pedagogikoak ezartzea, gizarte esku-hartzea kontuan edukitzea edo argudiatzea beste edozein behar. Hau da, itundutako ikastetxeek arauak nahieran gainditzea, hezkuntza publikoarekiko lehia desleiala areagotzea (publikoko ikastetxeek arauak zorrotz bete beharko lituzkete) eta pribilegio egoerak denok finantzatzea. Itundutako ikastetxeek eskumena izango lukete haur kopuru txikiagoekin unitateak zabaltzeko, eta noski, diru publikoarekin ordainduko litzateke gainkostua. Halabaina, hezkuntza publikoak ezingo luke halako salbuespen neurririk izan, ez itundutako hezkuntzaren beste finantzazio iturririk erabili, nahiz eta sare publikoak ikasle zaurgarrienak jaso eta lurralde guztian zabaldua egon.
Bigarren artikuluaren bidez arautu nahi dute ikastetxe publikokoen ratioekin parekatzea ikastetxe pribatuen eta itundutakoen ratioak, jakinik lehenengo artikuluak ratio horiek jaisteko aukera emango lieetela. Ez dira kontuan hartu ikasleen eta ikastetxeen ezaugarriak: maila sozioekonomikoa, jatorria, ikas-hizkuntzen ezagutza eta ikastetxeen tamaina (adibidez, landa eremuko eskolena).
Argi dago: UPNri ikastetxe pribatu eta itunduak besterik ez zaizkio axola. Xedapen iragankor baten bidez arautu nahi dute itunen luzamendu bat, gelen itxiera saihestuko duena 2026/2027 ikasturtean. Hau da: ez dute ezer jakin nahi ikastetxe publikoetan itxiko diren unitateei buruz. Aldiz, pribatuetako pribilegioa betikotu nahi dute euren unitate guztiei eusteko, publikoan itxi arren.
Gure ustez, hezkuntza sistemaren etorkizunak bide bakarra du: itundutako ikastetxeak publifikatzea, ratioak jaistea, langileen egonkortasuna bermatzea eta ornitzea behar diren baliabideez. Hau guztia bete dadin, exijitzen dugu Nafarroako Gobernuaren akordio pogramatikoak jasotzen duen BPGaren % 5 inbertitzea.
UPN, PP eta VOX ez dira aski Hezkuntza Publikoa gehiago ahultzeko. Ikusiko dugu zein alderdi lerratzen den helburu honen alde. Behar duguna da lege bat hezkuntza sistema osoa progresiboki publifikatzeko.
Leave A Comment