Euskararen kontrako oldarraldia dela eta, maiatzaren 9rako manifestazioa deitu dugu LAB, ELA eta Euskararen Kontseiluarekin batera, “Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde” lelopean

Azken hilabeteotan areagotu egin dira euskararen aurkako erasoak, bereziki eremu judizialean. Epaitegietatik iritsitako hainbat sententziak zalantzan jarri dituzte tokiko erakundeek hizkuntza normalizazioaren alde emandako urratsak, euskararen ezagutza edo erabilera eskatzea diskriminatzailea balitz gisan.

Eraso hauek ez dira kasualitate hutsa, ez dira gertakari isolatuak, estrategia baten parte dira, gaztelaniaren nagusitasuna bermatzeko helburua duena, gure lurraldeko hizkuntza propioaren kaltetan. Euskararen normalizazio prozesuan oztopo sistematiko eta estrukturalak daude oraindik, agerian utziz berdintasun linguistikoa ez dela errealitate bat. Hizkuntza eskubideak bigarren mailan uzten direnean edo zuzenean urratzen direnean, ez da soilik hizkuntza bat kaltetzen, herritarren oinarrizko eskubideak urratzen dira, gizartearen justizia eta kohesioa ahulduz.

Hezkuntza arloan, STEILASek egunero ikusten du zein garrantzitsua den euskararen presentzia gizartean bermatzea. Ez da nahikoa euskararen normalizazioa legeetan soilik aipatzea, praktikan ere bermatu behar da, baliabideak jarriz eta borondate politikoa erakutsiz. Horregatik, ezinbestekoa da administrazioari gaiarekiko duen erantzukizuna exijitzea, bai berme legeak garatzerakoan, baita euskararen erabilera sustatzeko neurri eraginkorrak abiarazterakoan ere.

Era berean, sindikatu eta alderdi politikoen inplikazioa ezinbestekoa da. Euskarafobiak ez du lekurik gure gizartean, eta horri aurre egiteko aliantzak behar ditugu. Ezin dugu onartu hizkuntza bat bestearen gainetik sistematikoki jartzea, are gutxiago hizkuntza gutxitu baten kasuan.

Azkenik, nabarmendu nahi dugu erantzun sozialaren garrantzia. Tokian tokiko mobilizazioek balio handia dute, baina bizitzen ari garen eraso antolatu honek, erantzun kolektibo bateratu eta indartsu bat eskatzen du. Horretarako, maiatzaren 9ko manifestazioa euskararen aldeko komunitateak bat egin, eta hemen gaudela argi adierazteko aukera paregabea izan daitekela uste dugu.

Beraz, STEILASek dei egiten dio hezkuntza komunitateari eta herritar guztiei mobilizazioan parte hartu dezan. Euskararen defentsa guztion ardura delako, eta etorkizuna eraikitzen ari garelako.

Maiatzaren 9an kaleak bete ditzagun EUSKARAZ!!!