Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoak HEZI+ hezkuntza berriztatzeko eta hobetzeko proiektuan parte hartzeko behin betiko ebazpena argitaratu du Hezkuntza Sailak.
Beste behin ere, entzungor egin die sindikatuei eta hezkuntza-komunitatearen gehiengoari, aurretik salatutako gabeziak zuzendu gabe.

STEILASetik Hezkuntza Sailaren jarrera salatzen dugu: negoziazioari uko egin, xantaiaren logikan jardun eta irakasleen lan-baldintzak arriskuan jarriz proiektu bat inposatu du. Izan ere, HEZI+ ebazpenak berak jasotzen duenez, He-Hobetuz neurrian eskaini behar diren jarduera osagarriek ez dute ikastordu izaera izango. Horrek 252/2025 Dekretuan adostutako lan-baldintzak zuzenean urratzen ditu.

Onartezina da Hezkuntza Sailak irakasleak eta ikasleak egoera honetan jartzea. Hau da, negoziazio kolektiboan adostutako lan-baldintzei muzin egin behar diete irakasleek, ikastetxeek hezkuntza-proiektuetan parte hartzeko aukera izateko. Hezkuntza Sailak maltzurkeriaz kontrajarri ditu bi eskubide horiek, eta presiopean utzi ditu klaustroak eta Eskola Kontseiluak, ikasleen onerako diren proiektuetan sartzeko aukeraren truke irakasleen eskubideak urratzera bultzatuz. Ezin da onartu ikasleei baliabide gehiago eskaintzeko aitzakiarekin irakasleen lan-baldintzak murriztea.

Hezkuntza publikoa indartzeko bidea ez da 2025eko maiatzean sinatutako akordioan jasotakoa gainditzea eta irakasleen bizkarrean lan zama handiagoa jartzea, baizik eta baliabide nahikoak
eta egokiak ezartzea.

Lan akordioa ez betetzeak ondorio legalak ditu eta STEILAS sindikatuak beharrezkoak diren baliabideak erabiliko ditu sinatutakoa urratzen bada: HEZI+ ebazpenaren bidez Bigarren Hezkuntzan gehienezko 17 eskola-orduei ordubete gehitzeko atea irekitzen bada, irakasle bakoitzaren kasua banan-banan aztertu eta dagokion bide judiziala emango diogu.

Horregatik guztiagatik, gure desadostasuna adierazteko Bigarren Hezkuntzako institutuetan elkarretaratzeak eta mobilizazioak egiteko deialdiak egingo ditugu, Hezkuntza Sailak irtenbide adostu bat erdietsi arte.

STEILASek HEZI+ behin betiko ebazpena bertan behera uztea eta 252/2025 Dekretua errespetatuko duen proposamen berri bat negoziatzea exijitzen du. HEZI+ horrela ez. Akordioa bete!