0-3 zikloko langileek, Nafarroako 0-3 Plataforman elkartuak, borroka historikoa eraman zuten aurrera bi hilabetez, 2022an. Lehia horretan elkarlanean aritu ziren hezitzaileak eta familiak lan baldintza duinak lortzeko aipatutako sektore prekarizatuan eta haurrek kalitatezko hezkuntza izan zezaten. Gogoan ditugu mobilizazioetan hainbestetan aditutako aldarriak: ratioak behera, soldatak gora!
Gatazka luzea eta gogorra izanagatik, hobekuntza eskas samarrak lortu ziren, askoz ere gehiago behar zelako. Hala ere, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (SMI) eskuratzen ez zuten langileentzat hobekuntza esangarria erdietsi zen.
Hor ereindako borrokaren hazia aste honetan ernatuko da, eta mobilizazio ezberdinak tarteko, beste greba egun bat izanen dugu. Hezitzaileak nazkaturik daude esplotazioaz eta ikustezin izateaz; beraz, kalera aterako dira berriro. STEILASek bat egiten du 0-3 plataformak antolatutako mobilizazioekin eta dei egiten du haietan parte hartzera.
Gainera, STEILASek salatzen du Nafarroako Gobernuaren politika eta bereziki PSNrena. Nafarroa Garaiak eskumenak ditu ratioak jaisteko, soldatak igotzeko eta 0-3 ziklo publikoa osorik kudeatzeko. Horrela bermatuko lirateke lan baldintza duinak langile guztientzat, Haur Hezkuntzaren bigarren zikloan (3-6) gertatzen den bezala. Ezinbestekoa dugu erabateko publifikazioa eta udalen lankidetza zeregin honetan.
Sektore honetan emakumezkoek dihardute gehienbat; zatikatua eta prekarizatua dago. Ondorioz, ezinezkoa egiten da ordezkaritza sindikal sendoa izatea eta langileen interesak defendatzea. PSNk baliatzen du egoera sindikatuek eskatutako negoziazio mahaiari uko egiteko eta bazterkeria betikotzeko. Gainera, azken lau urteotan ezarritako aldaketa txikiak ez dira batere adostu langileekin.
Horregatik planto egiteko unea iritsi da eta 0-3ko langile eta eragile guztiak indarrak batu behar ditugu.
Negoziazioa orain!
0-3 publikoa, kudeaketa guztiz publikoa izanen duena, doakoa eta denentzat!
Leave A Comment