Irakasleen lan-akordio berria sinatu genuenetik, behin eta berriro salatu dugu Hezkuntza Sailaren akordio-urraketa. Sindikatuok akordioan jasotako artikuluen ez-betetzeak salatzeko dugun mahai paritarioa bertan behera uzteko ahaleginetan dabil Hezkuntza Saila.
Izan ditugun bilera bakanetan lan-akordioko hainbat puntu ez betetzeko asmoa duela berresten ari da. Lehen Hezkuntzako ratioei dagokienez, gehienez 23 ikasle izatetik 22 ikasle izateko neurria sinatu genuen. Hezkuntza Sailak, ordea, ratioen jaitsiera Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan besterik aplikatuko ez duela adierazi du, Lehen Hezkuntza osoan izan beharrean. Informazio honek kezka eta ezinegona sortu du ikastetxeetan. Izan ere, ratioen jaitsiera ez aplikatzeak zuzenean eragingo die ikasleen zuzeneko arretari, aniztasunari erantzuteko aukerei eta irakasleen lan-baldintzei. Ratioen jaitsiera ez da zenbaki kontu huts bat, hezkuntza kalitatea hobetzeko eta eskola publiko sendoago bat eraikitzeko ezinbesteko neurria da.
Onartezina eta jasangaitza da Begoña Pedrosak zuzentzen duen Hezkuntza Sailak hartu duen jarrera. Sistematikoki sindikatuon lana oztopatzen dabil; besteak beste, ez digu behar adinako informaziorik ematen lanketak eta alegazioak prestatu ahal izateko. Azken hilabeteotan ohikoa bihurtu da deitutako mahaiak egin aurretik dokumentaziorik ez helaraztea; ondorioz, mahaiak informazioa emateko espazio bihurtu dira, negoziazio-esparru izan beharko luketenean.
STEILASetik ez dugu onartuko sinatutako konpromisoak ez betetzea, eta Hezkuntza Sailari exijitzen diogu sinatutako akordioa bere osotasunean bete dezan. Hezkuntza publikoaren aldeko benetako konpromisoa ekintzekin erakusten da, ez adierazpen hutsalekin.
Leave A Comment