Maiatzaren 5ean aurkeztutako 6.500 sinadurekin egin bezala, gaurko mobilizazioekin ere, Hezkuntza Sailari ikastaro hauek mantentzeko eskaeran berresten gara STEILAS, LAB eta ELA sindikatuak.
Gaur, maiatzaren 14an, ikastetxe publikoetako ehunka irakasle mobilizatu dira STEILAS, LAB eta ELA sindikatuok deituta. Sindikatuoi helarazitako argazkietan ikastetxe publikoetako irakasleak agertzen dira IRALEko murgiltze ikastaroak mantendu daitezela aldarrikatuz.
Mobilizatzeko deialdia hiru sindikatuok egin genuen aurrera daramagun dinamika mobilizatzailearen baitan. Gogoratu dugu maiatzaren 5ean aurreko 10 egunetan batutako 6.500 sinaduratik gora aurkeztu genizkiola jada Hezkuntza Sailari.
Agerikoa da irakasleak ez daudela ados Hezkuntza Sailak IRALEko R ikastaroak bertan behera uzteko hartutako erabakiarekin. Aitzitik, ikastaro hauek beharrezkotzat jotzen ditugu eta hauek mantentzearen alde gaude.
Hiru sindikatuok beraz, Hezkuntza Sailari egiten dizkiogun eskaera zehatzetan berresten gara:
• Irakasleentzako euskarazko murgiltze ikastaroak mantentzea (R bidez eskainitakoak barne) langileen ordezkarien gehiengoarekin murgiltze ikastaroen diagnostikoa, indartzea eta dimentsionamendua adostu bitartean.
• Euskaran eta euskal kulturan ardaztutako formakuntzan egun dagoen beharra aitortzea, eta ikastaroak ez murriztea ikastetxeetako mikro formakuntzetara.
• Murgiltze bidezko formakuntza honen irismena eta eragina hobetzeko neurriak langileen ordezkariekin jorratzea eta adostea.
• Formakuntza molde hori bermatzeko, gutxienez orain arteko baliabideei eta inbertsioari eustea.
• Euskaran ardaztutako formakuntza gaur egungo beharretara egokitzea eta indartzea, sindikatuekin negoziatuta.
Euskal Herrirako euskaran ardaztutako hezkuntza sistema burujabea defendatzen dugu sindikatuok, euskararen ezagutza eta erabilera bermatuko dituena eta euskal hiztun osoak heziko dituena, gizarte kohesionatu euskaldun baten alde. Horretarako, irakasleentzako euskaran eta euskal kulturan ardaztutako prestakuntza funtsezkotzat jotzen dugu, irakasleak baitira ikasleen eta hezkuntza-sistemaren lorpenen eragile nagusiak. Euskararen ezagutzan, soziolinguistikan eta euskal kulturan eta horien guztien transmisioan trebatutako irakasleak izatea eta hauek etengabe formatzea ezinbestekoa da, beraz.
Hau esanda, sindikatuok uste dugu neurri eta baliabide berriak behar direla, baina horiek ezin dituztela daudenak ordezkatu, baizik eta daudenak osatu eta indartu behar direla.
Hemen ikastetxeetatik jasotako argazkiekin osatutako argazki-bilduma:








Leave A Comment