STEILASek salatzen du Hezkuntza Sailak ikasleen hizkuntza-eskubideak urratzen dituela Lanbide Heziketako matrikulazio-prozesuan.
Martxoaren 24an adierazi genuen bezala, STEILASen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketako matrikulazio-prozesuan ikasleen hizkuntza-eskubideak urratzen jarraitzen duela berriz ere salatu nahi dugu. Izan ere, 2026-2027 ikasturterako izen-emate aplikazioan egindako aldaketek agerian uzten dute ikasleek ezin dutela askatasunez aukeratu zein hizkuntza-eredutan ikasi nahi duten.
Azken egunotan egiaztatu ahal izan denez, A ereduan soilik eskaintzen diren zikloetan izena ematerakoan sistemak automatikoki A eredua ezartzen du, ikasleari D eredua hautatzeko aukerarik eman gabe. Aldiz, zikloa bi hizkuntza-ereduetan eskaintzen denean bakarrik uzten da aukeraketa egiteko eskubidea. Horrek esan nahi du Hezkuntza Sailak aurrez baldintzatzen duela hizkuntza-hautua, euskaraz ikasteko aukera ukatuz ziklo askotan.
STEILASen ustez, egoera hau bereziki larria da, ikasleen hizkuntza-eskubideen aurkakoa delako eta indarrean dagoen araudia urratzen duelako. Besteak beste:
Hezkuntza Sailak ezin du matrikulazio-aplikazioa erabili euskararen presentzia mugatzeko edo ikasleen hizkuntza-hautua baldintzatzeko. Euskaraz ikasteko eskubidea ez da aukera teoriko hutsa: administrazioak bermatu beharreko eskubide erreal eta eraginkorra da.
Gainera, STEILASek ohartarazi nahi du Lanbide Heziketan euskararen egoera ahula dela hainbat esparrutan: eskaintza urria, baliabide falta, material pedagogikoen gabezia eta euskarazko taldeak sistematikoki ez zabaltzea. Matrikulazio-sistemaren diseinuak joera hori areagotzen du eta normalizazio linguistikoaren aurkako urrats berria da.
Horren aurrean, STEILASek Hezkuntza Sailari eskatzen dio:
– Hezkuntza ibilbide osoan zehar euskaraz ikasteko eskubidea bermatzea, lanbide heziketa barne.
– Euskarazko Lanbide Heziketaren eskaintza handitzea eta benetan unibertsala egitea.
– Ikasleen hizkuntza-eskubideak errespetatuko dituen matrikulazio-sistema ezartzea.
– Euskararen normalizazioarekin hartutako konpromisoak benetan betetzea.
STEILASek egoera hau salatzen jarraituko du ikasleen hizkuntza-eskubideak defendatzeko.

Leave A Comment