Gaur hemen bildu gara, beste behin ere, Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtean hartu dituen erabakiak eta egindako politika publikoak salatzeko. Ikasturte honetan zehar behin eta berriz ikusi dugu Hezkuntza Sailak ez duela eskola publikoa indartzeko borondaterik erakutsi. Bide honetan, hezkuntza sistema publikoa ahultzen duten neurriak hartu ditu: ikastetxe publikoen fusioak eta itxierak, lanpostuen galerak, matrikulazio politika segregatzaileak eta sinatutako lan-akordioan urraketak. Irakasleok ikasturte amaieran ebaluazioak egiten ditugu. Beraz, gaur, irakasle garen heinean, Hezkuntza Sailaren lana ebaluatzea dagokigu. Eta aurreratu dezakegu emaitza ez dela ona: Hezkuntza Sailak ez du ikasturtea gainditu.

  • Lehenik eta behin, lan baldintzei dagokienez, 2025ean gehiengo sindikalarekin sinatutako akordioaren hainbat puntu ez ditu bete Hezkuntza Sailak: Lehen Hezkuntzako ratioen jaitsiera maila guztietan aplikatu beharrean, lehen mailara soilik mugatu dute. Lanpostu berriak sortzeko konpromisoak ez dira lanpostuzerrendetan islatu. Osasun azterketak egiteko adostutako maiztasuna ez da bermatuko. Eta HEZI+ programaren bidez, Bigarren Hezkuntzan sinatutako gehienezko 17 eskola-orduak gainditzeko atea ireki dute. Hau da, duela urte bete sinatutako akordioa betetzeko borondate eza agerikoa da.
  • Eskola publikoarekiko konpromisoari dagokionez ere, emaitza kezkagarria da. Jaiotza-tasaren jaitsiera aitzakia hartuta, ikastetxe publikoen fusioak eta itxierak bultzatzen ari da Hezkuntza Saila. Sare publikoa eta itundua parekatu ditu, eta ez du benetako apusturik egin Euskal Eskola Publikoaren alde, azken honek erreferentzialtasuna izan beharko lukeenean. STEILASen argi dugu, benetako irtenbidea ez dela ikastetxe publikoak ixtea, baliabide gehiago ezartzea, segregazioari aurre egitea eta sare publiko bakarra indartzea baizik.
  • Matrikulazio politiketan ere norabide berean ari dira. Hezkuntza Legearen garapen dekretuek ikaspostu publikoen suntsiketa dakarte, eta bitartean, sare itundua indartzen jarraitzen dute. Gaur egun EAEko ikasleen ia erdia itunpeko sarean matrikulatzen da. Horrek argi erakusten du egun dugun Hezkuntza Sailak hezkuntza sistema dualari eusten diola, segregazioa elikatuz eta aukera berdintasuna arriskuan jarriz. Gainera, Jaurlaritzak ez du kontrol mekanismorik ezarri diru publikoa jasotzen duten ikastetxeek legeak ezarritako baldintzak betetzen dituzten neurtzeko.
  • Segregazioari dagokionez, azken hamarkadetako politikek arazoa areagotu dute. Hezkuntza Sailak aldaketa estetikoak baino ez ditu proposatu, egiturazko neurriak saihestuz. Segregazioaren mahaiak, gaur gaurkoz, ez du emaitza errealik eman.
  • Euskarari dagokionez ere, egoera larria da. Euskararen normalizazioa ezin da diskurtso hutsean geratu. Baliabideak eta borondate politikoa behar dira. Baina Hezkuntza Sailak IRALEko R ikastaroak bertan behera uztea erabaki du, milaka irakasleren euskalduntzea ahalbidetu duten tresna eraginkorrak desagerraraziz. Lanbide Heziketan ere, ikasleen hizkuntza eskubideak urratzen jarraitzen dute, euskaraz ikasteko eskubidea ukatuz ziklo askotan.

Mahai gainean jarri dugun guztiaren ondorioz, eta aplikatzen duten politika murriztaileen ondorioz, 750-1000 lanpostu inguru gutxiago esleituko dituzte datorren ikasturtean. Beraz, gaurkoan, ikasturte amaierako ebaluazioa jasotzen duen boletina dakargu.

Lan-akordioaren negoziazioa ikasgai moduan hartuta, Hezkuntza Sailaren konpetentziak ebaluatu ditugu:

  • Kultur aniztasunaren eta segregazioaren kudeaketan: ez gainditua.
  • Ahozko eta idatzizko ulermenean: ez nahikoa; sinatutako akordioa ez dutelako bete, eta interpretazio murriztailea egin dutelako.
  • Informazioa entzun eta jasotzeko gaitasunean: hobetu beharra; desadostasunen aurrean jarrera oldarkorrak eta aldebakarreko erabakiak nagusitu direlako.
  • Parte hartzean eta kooperazioan: suspentso galanta; eragile sozialak baztertu eta negoziazioa blokeatu baitute.

Funtsezko konpetentzietan ere gabeziak agerikoak dira:

  • Komunikazio gaitasunean: ez dute gainditu, komunikatzea ez baita hitz egitea soilik, entzun ere egin behar da.
  • Digitalizazioan, berriz, “gainditu”, gainditu dute, baina multinazionalen interesetara gehiegi hurbildu dira, digitalizazio burujabe eta arduratsu baten alde egin beharrean.

Horregatik guztiagatik, balorazio orokorra argia da: Hezkuntza Sailak ez du ikasturtea gainditu. STEILASek lanean jarraituko du Euskal Eskola Publikoaren alde, lan baldintza duinen alde, segregazioaren aurka eta euskararen alde. Urraketa oro salatuz, eta behar diren mekanismoak aktibatuz.