Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa txarrari, gehitu zaio orain lege bat, UPN, PP, VOX, Geroa Bai eta EH Bildu indar politikoen botoekin onetsia. Horren bidez, ikastetxe pribatuen pribilegioei eutsiko zaie, gelak ez ixteko itunak luzatuko baitira. Ikastetxe publikoetan, ordea, ez dago inongo bermerik gelak ez ixteko. Abstenitzeko eta legea aurrera ateratzeko Geroa Baik eta EH Bilduk jarritako aitzakia da PSNrekin negoziatzeko ezintasuna eta beste erremediorik ez dutela izan itunpeko ikastetxe pribatuetan gelak ez ixteko. Hori bai, gero diote hezkuntza publikoa dela sistemaren ardatz nagusia eta ez dute kontuan hartzen D ereduko ikasleen % 77 publikoan dabilela.
PSNk azken zazpi urteotan nahierara jardun du Hezkuntza Departamentuan. Besteak beste, gehiengo sindikalarekin ez negoziatzeaz gainera, itun bat sinatu du, gutxiengoan, eskuineko sindikatu espainolistekin, ahaztu gabe murrizketa eta azpijoko euskarafobo guztiak. Eremu honetan, erabatekoa da Nafarroako Gobernua babesten duten indar politikoen satelizazioa PSOErekiko, nahiz eta, noizik behin, desadostasunak antzeztu. Itxuraz, indar horiek ahalmena dute Nafarroako eta Espainiako gobernuak baldintzatzeko; ezin dute deusetan aldatu Hezkuntza Departamentuaren politika?
Arazoa ez da Carlos Gimeno, sintoma baizik. Egiazko arazoa da PSOEk mendean hartuak dauzkala indar horiek. Egoera honetan, Carlos Gimeno kargugabetu arren, PSNk bide berari jarraituko lioke. Gainera, azken liskarrean, PSN saiatu da frontismoa hauspotzen, D ereduko eskaintza publikoa eta ikastolena kontrajarriz. Gure ustez, hezkuntza sistema osoaren publifikazioa da irtenbidea eta, horretarako, ezinbestekoak dira adostasun zabalak, negoziazioa eta inbertsioa handitzea, eta ez murrizketak. PSOEk ezarri zuen 1985ean ikastetxe pribatuak ituntzeko erregimena eta geroztik ez du deus ere egin indargabetzeko.
STEILASek salatu zuenean gelak itxiko zirela eskola publikoetan, biharamunean Hezkuntza Departamentuak iragarri zuen ez zela horrelakorik gertatuko, 0 balantze moduko bat izanen zela itxi-irekiko zirenen artean. Geroztik, alderdi politiko, pribatuko patronal, zenbait sindikatuk eta komunikabide gehienek ziurtzat jo zuten ez zela gelarik itxiko publikoan, gutxienez bederatzi ikastetxetan itxiko diren arren, gehienak D eredukoak eta eskola txikiak. Bitxia badirudi ere, sindikatu batzuei klase kontzientzia eta euskaltzaletasuna lausotu zaizkie, ikastetxe (ultra)katolikoen eta erdaldunen alde egindako agerraldietan.
Murrizketek segituz gero hurrengo urteetan, kolokan jarriko dute eskola txikien geroa eta haien bideragarritasun pedagogikoa. Horrez gain, alde batera uzten da eskola txiki horiek egindako lan eskerga jatorri migratzaileko ikasleak euskalduntzen eta dakartzaten gabezia sozioekonomikoei aurre egiten. Bestalde, matrikula bizi handiko ikastetxeetan ezin da talde gehiago sortu irailetik aurrera, nahiz eta ikasle etorri berri ugari eskolatu. Aurrekoa gutxi balitz, aipatu legearen bozketaren saioan kontseilariak esan zuen hezkuntza publikoan murrizketak areagotuko direla.
Askok barneratu du ikastetxe publikoak eskolatze merkatu batean lehiatzen direla, eta lortzen den matrikula eskainitako zerbitzuekin edo kalitatearekin lotua dagoela. Argudio hori erabiltzen dute hezkuntzan, baina publifikazioa eskatzen dute beste zerbitzu publikoetan. Gainera, ikastetxea aukeratzeko askatasuna ez da denontzako eskubidea, baizik eta ikastetxea aukeratzeko ahalmena, non diru ekarpenak, uniformeak, bestelako jarduerak, erlijioa, garraioa, etab. uxagarriak diren familia askorentzat. Eskola segregazioa egiturazko arazoa da, eta hori apaltzeko hartutako neurriak ez dira eraginkorrak izan, oro har.
Nafarroa Garaiko hezkuntza publikoan interinitate tasa % 49koa da eta, hortaz, ezinbestekoa dugu langileak egonkortzea eta finkotasunari heltzea. Datu ezagunak izanagatik, indar politiko eta hezkuntza eragile gehienek, ezker-eskuin, fokoa jarri dute itunen galeran eta ez sare publikoaren murrizketetan. Itunpeko ikastetxeetako langile gehienak finkoak dira; beraz, kaleratuz gero, kalteordaina jasotzen dute. Publikoan, ordea, Gobernuak debalde kaleratzen ditu irakasleak. Nafarroako Parlamentuko gehiengoarentzat publikoaren gelak eta lanpostuak nolanahi ken daitezke.
Interinitate tasa altu horrek guztiz urratzen du Europako zuzentarauak enplegu publikoaren behin-behinekotasunari buruz xedatutakoa, baina Gobernuari komeni zaio horri eustea, pribatizatu edo irakasleak kale gorrira bota ahal izateko, krisia gertatuz gero. Hala, Hezkuntza Departamentuaren Langileriaren egungo zuzendari nagusiak berak 800 irakasle kaleratu zituen 2012an hasitako murrizketetan, UPNren eta PSNren arteko koalizio gobernupean. Aldi berean, pribatuko patronal batek bere matrikulazio kanpainan erabilitako leloa hau izan zen: gurea, murrizketarik gabeko hezkuntza.
Kapitalismoaren beste krisi sakon bat dugu begi aurrean eta, zeharo aldatzen ez badira politikak, berriz ere galtzaile aterako da eskola publikoa, gainerako zerbitzu publikoekin batera. (Ultra)eskuinaren eskutik ez da inoiz etorriko mesederik eskola publikoarentzat, kaltea baizik. Pazientzia estrategikorako tenorea bukatu da; garaia dugu pribatizatutako zerbitzu publikoen bunkerra hausteko eta publifikazioa hedatzeko behar diren inbertsioekin.

Leave A Comment