STEILASek deitutako gaurko Batzorde Paritarioan, Hezkuntza Sailak berretsi du ez dituela aurreko ikasturtean sinatutako lan-akordioaren hainbat eduki hitzartutako baldintzetan aplikatuko. Akordioak irakasleen lan-baldintzak hobetzen zituen eta hezkuntza publikorako baliabide gehiago ezartzen zituen; horregatik, Hezkuntza Sailari sinatutako guztia osorik eta behar bezala betetzeko exijitu diogu. Hezkuntza Sailaren jarrera ikusita, aldebakarreko erabakiak eta inposizio dinamikak bertan behera uzteko eskatu diogu.

Lan-baldintzak arautzen dituen Akordioaren 85. artikuluak ezartzen dituen eskumenen baitan, sindikatuak Batzorde Paritarioa deitu du akordioaren interpretazioan, jarraipenean eta aplikazioan sortutako desadostasunak aztertu eta ebazteko. Gaurko bileran, Hezkuntza Sailak bete nahi ez dituen ondorengo gaiak ekarri ditugu Batzorde Paritariora:

1. Fusioak, itxierak eta integrazioak (23. aritukulua). Lan-akordioaren 23. artikuluak Plangintza Batzorde Teknikoaren (PBT) negoziazio-eskumenak jasotzen ditu, besteak beste, ikastetxe-sareko aldaketak eta hezkuntza-eskaintzaren ingurukoak. Hala ere, azken urteetan Hezkuntza Saila aldebakarrez ari da ikastetxeen fusioak, itxierak eta integrazioak erabakitzen, PBTren eskumenak deuseztatuz.

2. HEZI+ programaren aplikazioa (26. artikulua). Akordioaren 26. artikuluak ezartzen du Bigarren Hezkuntzan, Lanbide Heziketan eta araubide berezian gehienez 17 eskola-ordu eman ahal izango direla, laguntza eta indartze programak barne. HEZI+ programako orduak muga horren barruan zenbatu behar dira izaera lektiboa aitortuz. Horrez gain, programaren ebazpenak irakasleen ordu osagarriak eta familiei arreta emateko orduak ikasleei zuzeneko arreta eskaintzera bideratzen ditu, lan-akordioaren 26.d artikuluan jasotakoa urratuz.

3. Lan osagarriaren desburokratizazioa (26. artikulua). Akordioak jasotzen du desburokratizazio-neurriak 2025-2026 ikasturtetik aurrera aplikatuko zirela. Batzordea sortu bada ere, gaur gaurkoz ez da neurri errealik adostu, ezta martxan jarri ere.

4. Edoskitze-baimena (32. artikulua). 32. artikuluak jasotzen duenaren aurka, lanaldi murriztua duten langileei ez zaizkie osorik aitortzen edoskitze-baimen metatuari dagozkion lanegunak. Urraketa hau judizilizatuta du jada STEILASek.

5. Soldaten igoeren aplikazioa (67. artikulua). 67. artikuluan jasotako igoerak ez dira behar bezala aplikatzen ari. Ondorioz, irakasleek dagokiena baino gutxiago kobratu dute nominan. STEILASek ez-betetze hau epaitegietan salatu du.

6. Aldizkako osasun-azterketak (78. artikulua). 78. artikuluak ezartzen du 2025- 2026 ikasturtetik aurrera irakasle guztiek gutxienez hiru urtean behin osasun-azterketa egiteko prozedura ezarriko dela. Egun ez da inolako prozedurarik martxan jarri, ezta horren inguruko informaziorik helarazi ere.

7. Plantillak esleitzeko irizpide berriak ez aplikatzea (Akordioaren eranskina).

 Lehen Hezkuntzako ratioak: akordioak jasotzen du 22ko ratioa Lehen Hezkuntza osoan aplikatzea, 2026-2027 ikasturtetik aurrera. Hezkuntza Sailak, ordea, Lehen Hezkuntzako lehenengo mailara mugatu nahi du neurria.

 Irakastorduen murrizketarako baliabideak: asteko gehienezko irakastorduak 23 izatetik 21era pasatzeak, irakasle bakoitzak ikasleekin egon beharreko orduak gutxitzea dakar. Asteko irakastorduak bi gutxiago izanik, Hezkuntza Sailak konpentsatzeko erabili duen formulazioak ematen dituen baliabideak ez dira nahikoak ikasleei arreta zuzena eskaintzeko. Ikasgelen edo lerroen arabera eman beharko liratekeen ordu-kredituak, ikasmailen arabera ematen ari da Hezkuntza Saila eta, ondorioz, ikastetxe guztiek baliabide bera izango dute lerro kopurua kontuan izan gabe.

 IKT figurak: akordioan jasotako IKT baliabideak ez dira LPZetan islatu, ezta horiek garatzeko beharrezko ordu-kredituak esleitu ere.

 EHI irakasleak: EHI baliabideak kalkulatzeko Haur eta Lehen Hezkuntzako talde guztiak kontuan hartu beharrean, Hezkuntza Sailak hainbat talde kanpo utzi ditu, beste behin ere, sinatutako irizpideak urratuz.

 OBK baliabideak: gaurko bileran esandakoaren arabera, ongizate eta babeserako koordinatzaileen prestakuntza eta baliabideak Bigarren Hezkuntzan besterik ez ditu ezarriko ditu Hezkuntza Sailak hurrengo ikasturtean.

 Administrari laguntzaileen plazak: Hezkuntza Sailak ez du oraindik administraririk bidali ikastetxeetara, ezta administrari laguntzailerik ere. Konpentsazio moduan AKA orduak mantentzea erabaki duen arren, hauek ez dituzte aurreko bi figurek egiten dituzten orduak konpentsatzen.

Gaurko bileran berretsi egin dugu ezin dela sinatutako akordioa aldebakarrez aplikatu adostutako baldintzak urratuz. Hitzartutakoa osorik betetzea ezinbestekoa da hezkuntza publikoa indartzeko eta irakasleen lan-baldintzak bermatzeko.

Horregatik, Hezkuntza Sailak bere jarrera aldatu ezean, bide judizialarekin jarraitzeaz gain, mobilizazioei ere ekingo die STEILASek, akordioaren ezbetetze guztiak salatzeko eta defendatzeko.