STEILAS sindikatutik, langile eta ikasleen eskubideen eta ongizatearen defentsan, hezkuntza zentroetan tenperatura altuen ondorioz bizitzen ari den egoera onartezina publikoki salatu nahi dugu.

Ezin da normaltzat hartu pertsonek beren lan edo ikasketa jarduna osasun fisikoa eta mentala arriskuan jartzen duten baldintzetan egin behar izatea. Muturreko beroa ez da eragozpen huts bat: kontzentrazioari eragiten dio, errendimendua murrizten du, nekea handitzen du eta osasun arazo larriak eragin ditzake. Baldintza hauetan lanera edo ikastera behartzea pertsonen duintasunaren aurkako prekarizazio modu bat da.

Onartezina da produktibitatea, esfortzua eta helburuen betetzea eskatzen diren bitartean, ongizate eta segurtasun baldintza minimoak bermatu ez izana. Eusko Jaurlaritzak hezkuntza zentroen eguneroko funtzionamendua beren lan eta ahaleginarekin sostengatzen duten pertsonak babesteko ardura du. Hala ere, beste behin ere, badirudi kostuak eta ondorioak beren baldintzen inguruan erabakitzeko gaitasun gutxien dutenen gain erortzen direla.

Berehalako eta benetako neurriak exijitzen ditugu: klimatizazio egokia, aireztatutako espazioak, ordutegien egokitzapena beharrezkoa denean, eta muturreko bero egoeren aurrean protokolo argiak. Osasuna ezin da aurrezpen ekonomikoaren edo espazio hauek kudeatzen dituztenen utzikeriaren menpe geratu.

Baldintza duinak defendatzea ez da pribilegio bat, eskubide bat baizik. Eta pertsonen osasunarekin eta ongizatearekin bateraezinak diren lan eta ikasketa espazioak sortzen dituen edozein egoera salatzen jarraituko dugu.

Benetako konponbideak orain!