Militarizazioak eta gerrako ekonomiak bizitza duinak, eskubide sozialak eta trantsizio ekosoziala mehatxatzen dituzte. Gerraren negozioaren aurrean, Euskal Herri desmilitarizatu, justu eta solidarioa defendatzen dugu.
Dinamika belizista, gerra ekonomia eta militarizazioa bizitza duinak bermatzen dituen ereduaren aurkako joera estrukturalak dira. Horrek bidezko trantsizio ekosozialaren aurka egiten du, gastu militarra lehenesten du gastu sozialaren aurretik, eta autoritarismoaren zein oldarraldi atzerakoiaren eskutik dator.
Kapitalismoaren krisi-testuinguru betean, potentzia eta korporazio nagusiek militarismoan aurkitu dute beren interesak bermatzeko eta aberastasuna metatzen jarraitzeko modua. NATOk gastu militarra BPGren %5era igotzea inposatu du. AEBek Venezuelari egindako eraso inperialista, Kubaren erabateko blokeoa, Israel Palestinan egiten ari den genozidioa, AEB eta Israelen gerra Iran eta Libanoren aurka edota Sudaneko gerra hiltzailea dinamika beraren parte dira.
Gerra hemen hasten da
Jainaga Israeli legez kanpoko esportazioak egiteagatik inputatuta; CAFi salaketa genozidioaren eta kolonialismoaren kontura negozioa egiteagatik; Josu Jon Imazen Repsolek hirukoiztu egingo du Venezuelan duen inbertsioa AEBen injerentziaren ondoren. Azken 20 urteetan hirukoiztu egin da industria militarra Euskal Herrian, eta aipatutakoak adibide batzuk baino ez dira: Euskal Herriko patronalak ere gerraren bidez negozioa egiteko aukera garbia ikusten du.
EBren, Espainiako eta Frantziako gobernuen, zein Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren papera ezinbestekoak dira estrategia horren baitan, lege, aurrekontu, inbertsio, finantzazio edota babes politiko eta instituzionalaren bidez; Gerra hemen hasten da.
Ondorioak larriak dira; batez ere, gerra horiek zuzenean pairatzen dituztenentzat: heriotza; migrazio behartuak; lurraldeen, komunitateen eta bizitzarako azpiegituren suntsiketa; emakumeen kontrako indarkeria. Hala ere, langile klaseari bere osotasunean eragiten dio, eskubide sozial, zibil eta politikoetan murrizketak egiten direnean. Emakumeak*, arrazializatuak eta, oro har, sektore zaurgarrituak dira gogorren kolpatuak direnak baita hemen ere.
Konpromisuak
Euskal Herria gerraren aurka agertu da behin eta berriz, argi eta garbi. NATO-ri EZETZ esan genion eta intsumisoen mugimendu zabala izan genuen. Asko gara bestelako eredu baten aldeko apustua egiten dugunak, eta, horregatik, EAEko eta Nafarroako gobernuei eskatzen diegu konpromisoak eta neurriak har ditzatela, baita Hego Euskal Herriko, Madrilgo eta Europako erakundeetan ordezkaritza duten euskal alderdi politikoei ere.
- Euskal Herria, lurralde baketsua eta desmilitarizatua. Gerrarako azpiegiturei eta armen bidalketari ez. Gastu militarrari ez! NATO desegiteko urratsak eman, horretarako EAEko eta Nafarroako parlamentuetan neutraltasun estatutuak onartuz. Era guztietako indarkeria desagerrarazi, baita ezkutukoak ere, hala nola diskriminazioa eta desberdintasuna.
- Gerraren negozioari EZ. Patronalei eta enpresei industria militarraren alde ez egiteko eskatzen diegu, eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako gobernuari industria militarra zuzenean edo zeharka indartzen duen inbertsiorik ez egiteko. Baliabide horiek trantsizio ekosozialerako eta industriaren moldaketarako erabiltzeko eskatzen dugu, eta langile klasea erdigunean jartzeko.
- Baliabide publikoak bizitza duinak bermatzeko. Eskubide sozialetan, pentsioetan edota zerbitzu publikoetan murrizketarik ez; hezkuntza, osasuna, zaintza eta etxebizitza eskubideak bermatu. Elikadura osasuntsua bermatu, benetako neurriak hartu krisi klimatikoari aurre egiteko. Harrera duina bermatzeko baliabideak jarri eta mota guztietako harresi zein migrazio politika arrazistak ezabatu.
- Autoritarismoari eta oldarraldi erreakzionarioari EZ. Balio militaristen, matxisten, arrazisten, indibidualisten, klasisten eta kontrol soziala handitzearen aurrean; gardentasuna, eztabaida demokratikoa, eskubide zibil eta politikoen bermea eta herritarren erabakitzeko eskubidea bermatzeko eskatzen dugu.




Leave A Comment