STEILASEK joan den ikasturtetik, Funtzio Publikoko Estatutuarekiko oposizio irmoa adierazi du, honako hauek aintzat hartuta: galdutako erosahalmena berreskuratzeko aukera ukatzen du, jardunaren ebaluazioari lotzen dio soldata, ez ditu beste sektore batzuetan ezarrita dauden hobekuntzak finkatzen eta estatu mailan erdietsitako zenbait eskubide alde batera uzten ditu.
Joan den ikasturtean beste sindikatuek greba bat deitu zuten. STEILASek ez zuen bat egin uste baikenuen eskatzen zuten lanbide karrera langileentzat kaltegarria zela. Oraingo honetan, mahai orokorrean dauden sindikatuetako batzuek lanuztera deitzea erabaki dute, desadostasuna adierazteko asmoz. Bide batez, deitoratzen dugu estatutu berriaren sindikatu sinatzaileen jarrera kolaborazionista, murrizketaz beteriko estatutua laguntzeagatik.
STEILASen ustez, estatutu honek merezi du batasun sindikala, epe ertain eta luzerako langileen aldeko politikak bultzatzeko, beraz, ez zaigu egokia lanuzteak deitzea batasun sindikalik gabe. Bide batez, aurreko guztia salatzeko, Docenta Prekariez Estutalarriren hileta egin dugu STEILASeko egoitzan. Hemen duzue bere alde egindako errespontsua:
Goian bego Docenta Prekariez Estutalarri
Zoritxarrez, Docenta joan zaigu; Heriok du eraman. Ez da bat batean gertatu, luze jo du. Lehen sintomak 2010ean agertu ziren, Rodríguez Zapaterok eta UPNk langile publikoei soldata nabarmen jaitsi zietenean. 2012an, oinazeak handitu ziren UPNren eta PSNren arteko koalizio gobernupean murrizketa basatiak ezarri zirelarik: ratioak eta irakas orduak gora joan ziren, 800 lankide kaleratu zituzten eta lan gainzama biderkatu zen. Hurrengo urteetan mina gorputz guztira zabaldu zitzaion, soldata izoztuta eta erosahalmena etengabe galtzen. 2025ean, Hezkuntza Departamentuak eskuineko sindikatu espainolistekin ituna sinatu zuenean, kataplexiaren lehen zantzuak sumatu zituen eta egonezina areagotu zitzaion 2026ko aurrekontuak onetsi zirenean. Tamalez, bere egoera franko okertu zen Nafarroa Garaiko langile publikoen estatutu berria ezagutzean. Azken kolpea jaso du ikusirik ez dagoela batasun sindikalik estatutu horri aurre egiteko.
Agur gure Docenta, agur, agur, agur. Beti gure bihotzetan!
Tamalez, Docenta ez da biktima bakarra izanen, langile publiko gehien-gehienak baizik. Nafarroako Gobernua saiatzen ari da propaganda egiten estatutu berriarekin, baina sarri agerian geldituko da iruzurraren tamaina. Borrokan jarraituko dugu lapurtutako eroshalmena eta ukatutako eskubideak lortu arte.
Leave A Comment