Gaurko adierazpen hauek STEILASen XIII. Kongresuaren baitan egiten ari gara. Dakizuenez, Kongresua lau urtetik behin ospatzen dugu, eta sindikatuarentzat hitzordu estrategiko eta berezia da, bertan erabakitzen baititugu datozen lau urteetarako norabide politiko eta sindikalak. Era berean, kongresuan sindikatuaren ardura nagusiak berritzen dira: alde batetik, gure organo goreneko, alegia Idazkaritza Nazionaleko 21 kideak, eta bestetik, Nazio Batzorde Iraunkorreko zazpi kideak: Miren Ustarroz Goñi, Itxaso Piquer Insausti, Rebeka Garzes Aldazabal, Ane Apezetxea Gorrotxategi, Aintzane Gil Bragado, Joakin Akarregi Gerenabarrena eta Haizea Arbide Aza.

Azken hilabeteotan eztabaida luze, sakon eta interesgarriak izan ditugu sindikatuaren baitan eta urte luzeko lanketaren ondoren, ponentzia definitiboa onartzeko bidean gaude, horrek erakusten duelarik, STEILASen, badagoela eztabaidarako kultura, hausnarketarako gaitasuna eta etorkizunari kolektiboki begiratzeko borondate sendoa. Kongresu honek, gainera, babes eta elkartasun zabala jaso du. Euskal Herriko beste sindikatuetako ordezkariak gurekin dira, baita Kataluniatik eta espainiar estatutik etorritako sindikatuetako kideak ere. Horrez gain, alderdi politikoetako ordezkariek ere parte hartu dute. Guretzat oso garrantzitsua da langileen aldeko borrokak elkarlanean eta aliantzetan oinarritzea.

Nola ez, hezkuntzaren arloan bizi dugun egoerak ere toki nabarmena izan du kongresuan. Azken hilabeteetako mobilizazioek eta grebek agerian utzi dute hezkuntza publikoko langileen nekea eta aldarrikapenen zilegitasuna. Hezkuntza Sailarekin irakasleen sektorean sinatutako lan-akordioaren inguruan kezka handia dugu, izan ere, gero eta argiago ikusten ari garelako hainbat eduki ez direla behar bezala betetzen ari edo interpretazio murriztaileak egiten ari direla. Beste behin ere, administrazioaren borondate falta agerian geratzen ari da.

Horregatik, bai EAEko Hezkuntza Sailak baita Nafarroako Hezkuntza Departamentuak duten jarrera salatzen dugu. Hemendik egun gutxira Euskal Eskola Publikoaren jaia ospatuko da Santurtzin eta Begoña Pedrosaren ahoan, berriro ere, edukirik gabeko alegatu bat entzun beharko dugu, errealitatea, ordea, zerbitzu publiko honi merezi duen erreferentzialtasuna emateko borondate politiko eza agerikoa denean. Zer esanik ez Nafarroako Parlamentuak UPN, PP, VOX, Geroa Bai eta EH Bilduren bozkekin, onartu berri duen Foru Legeak izango duen eragina. Diskurtsoetan hezkuntza publikoa defendatzen dutela dioten bitartean, egunerokoan ez dituzte beharrezko baliabideak bermatzen, ezta langileen lan baldintzak behar bezala hobetzen ere. Hezkuntza komunitatearen beharrak erdigunean jartzeko garaia da.

STEILAS laster 50 urte betetzera doa, eta mende erdiko ibilbide honetan langileen alde egindako lana aldarrikatu nahi dugu. Mobilizazioetan, negoziazioetan eta lantokietan egon gara, baina baita eguneroko aholkularitza lanean ere, milaka langileri babesa eta orientazioa eskainiz. Hori da gure sindikatuaren nortasunaren parte: gertutasuna, konpromisoa eta elkartasuna.

Bestalde, bizi dugun testuinguru geopolitikoak ere kezka handia eragiten digu. Gerrak, militarizazioaren gorakadak, eskuin muturraren indartzeak eta munduan zabaltzen ari diren politika autoritarioek ezin gaituzte axolagabe utzi. Kongresuan ere aldarri horiek presente egon dira, uste dugulako sindikalismoak ezin duela errealitate sozial eta politiko globaletik aparte jardun. Hezkuntza, justizia soziala, feminismoa, bakea eta herrien eskubideak guztiz lotuta daude.