Gogor salatu nahi dugu Hezkuntza Sailak azken hilabeteotan erakutsi duen jarrera, negoziazio kolektiboaren oinarriak ahulduz eta langileen eskubideen aurkako etengabeko gatazkak sortuz.

Langileen eskubideekin eta lan baldintzekin lotutako hainbat auzitan, Hezkuntza Sailak ez ditu langileen ordezkariek defendatutako irizpideak eta akordioetan jasotako konpromisoak errespetatu. Horren ondorioz, STEILAS sindikatuan judizializatzeko prozesua hasi dugu hainbat gairen inguruan:

  • Edoskitze-baimena (32. artikulua). 32. artikuluak jasotzen duenaren aurka, lanaldi murriztua duten langileei ez zaizkie osorik aitortzen edoskitze-baimen metatuari dagozkion lanegunak. Urraketa honen judizilizazio prozesua hasita dugu jada STEILASen.
  • Soldataren igoeraren aplikazioa (67. artikulua). 67. artikuluan jasotako igoerak ez dira behar bezala aplikatzen ari. Ondorioz, irakasleek dagokiena baino gutxiago kobratu dute nominan. STEILASen ez-betetze honen judizilizazio prozesua hasi dugu.
  • Lehen Hezkuntzako ratioak: sinatutako akordioak jasotzen du 22ko ratioa Lehen Hezkuntza osoan aplikatu behar dela, eta 2026-2027 ikasturtetik aurrera asteko gehienezko irakastorduak 23 izatetik 21era pasatu behar direl. Bestalde, Hezkuntza Sailak konpentsatzeko erabili dituen formulazioak eta ematen dituen baliabideak ez dira nahikoak ikasleei arreta zuzena eskaintzeko. STEILASen gai honen judizilizazio prozesua hasi dugu.
  • Hezi+ programaren garapena: HEZI+ ebazpenak berak jasotzen duenez, HeHobetuz neurrian eskaini behar diren jarduera osagarriek ez dute ikastordu izaera izango. Horrek 252/2025 Dekretuan adostutako lan-baldintzak zuzenean urratzen ditu. Bigarren Hezkuntzan gehienezko 17 eskola-orduei ordubete gehitzeko atea irekitzen denez, STEILASen gai honen judizilizazio prozesua hasi dugu.

Kezkagarria da gatazka horiek guztiak negoziazio mahaietan konpondu beharrean auzitegietara eramatera behartzea. Administrazio publiko batek ezin du sistematikoki langileen eskubideen interpretazio murriztailea egin eta, ondoren, epaitegiek erabaki dezaten itxaron. Jarrera horrek ziurgabetasuna sortzen du langileen artean, lanharremanak zailtzen ditu eta hezkuntza komunitate osoari eragiten dio.

Egoera hau oso larria da kontuan hartzen badugu gaur egun auzitan dauden gaietako asko lan hitzarmen berrian jasotako neurri eta konpromisoei loturikoak direla. Gogorarazi nahi dugu akordio hori negoziazio luze eta zail baten ondoren sinatu genuela, eta haren sinadurak langileon mobilizazioei amaiera eman ziela. Langileok eta haien ordezkariok negoziazioaren aldeko apustua egin genuen, adostutakoa betetzeko konfiantza osoz.

Horregatik, orain Hezkuntza Sailak hitzartutako neurriak ez aplikatzea, atzeratzea edo haien interpretazio murriztailea egitea guztiz onartezina dela deritzogu. Horrek konfiantza haustura larria eragiten du eta iruzur moduan bizi dugu langile askok. Ez dago negoziazio kolektiborik, ezta lortutako akordioekiko errespeturik ere, sinatutako konpromisoak gero alde bakarrez moldatu edo baztertu badaitezke.

Jarrera horrek, gainera, ondorio larriak izan ditzake etorkizuneko negoziazioetarako. Administrazioak ez baditu sinatutako akordioak betetzen, negoziazio kolektiboaren sinesgarritasuna bera jartzen da zalantzan. Horrek zaildu egingo ditu etorkizuneko elkarrizketak eta mesfidantza giroa sortuko du langileen ordezkarien eta administrazioaren artean.

Gure ustez, gatazka hauek ez lirateke epaitegietan konpondu beharko. Hezkuntza Sailak benetako negoziazioaren aldeko apustua egin behar du, langileon ordezkariekin hitzartutako irtenbideak bilatuz eta aldebakartasunez jokatzeari utziz. Elkarrizketa soziala ez da tramite huts bat, lan harremanak eraikitzeko eta hezkuntza sistema publikoa indartzeko tresna nagusia da.

Horregatik, beste behin ere, Hezkuntza Sailari exijitzen diogu berehala alda dezala jarrera, sinatutako akordioak osorik bete ditzala eta negoziazio kolektiboarekiko errespetuz joka dezala.

Borrokan jarraituko dugu Hezkuntza Sailak lan-baldintzak errespetatuko dituen eta hezkuntza publikorako beharrezkoak diren baliabide nahikoak oinarri izango dituen 2025eko maiatzean sinatutako akordioa osotasunean bete arte.

Sinatutako akordioak bete egin behar dira. Negoziatutakoa errespetatu behar da. Hori da kalitatezko hezkuntza publikoaren eta lan harreman osasuntsuen oinarri nagusia.