Aurreko astelehenean amaitu zen EAEko Unibertsitateen Legearen aurreproiektuaren kontsulta publikoaren fasea. STEILASek kezka handiz ikusten ditu aurreproiektu honen alderdi asko eta horiek zuzentzeko ekarpenak aurkeztu ditu. Besteak beste, hauek azpimarra ditzakegu:

  • Testuan zehar, unibertsitate pribatuei “unibertsitate ez publikoak” esaten zaie, USLOk erabiltzen ez duen terminoa. “Unibertsitate pribatu” bezala aipatzea eskatu dugu.
  • EHUren finantzaketa defendatzea, behar adinako ohiko ekarpenarekin eta BPGren %1eko bermearekin, USLOk ezartzen duen bezala. Zirriborroak askotan aipatzen du “dauden aurrekontu-aukeren arabera”. Unibertsitatearen funtzionamendu normala da bermatu behar dena, ez da aurrekontuari eusteko klausularik sartu behar
  • Euskara bermatzea irakaskuntzan, ikerketan eta transferentzian, bai eta zerbitzu- eta lan- hizkuntza gisa ere. Lege aurreproiektuaren puntu askotan euskara sustatzeko asmoa eta borondatea azaltzen da, baina esperientziak erakutsi digun bezala, borondatea azaldu baino gehiago bermea da beharrezkoa dena.
  • Irakasle eta ikertzaileen karrera profesionalean egindako irakaskuntza-lana aintzatestea. Ikerketaz gain irakaskuntza ere baloratu behar da eta kalitatea bietan da garrantzitsua. Ezin da irakaskuntza bigarren maila batean utzi.
  • Unibertsitate publikoaren funtsezko eta ezinbesteko eginkizuna defendatzea. Aurreproiektuak Eusko Jaurlaritzak unibertsitate zentro berriak sustatzeko bidea zabaltzen du. EAEk badu bere unibertsitate publikoa, EHU, eta gizartearen beharrak asetzeko kapazitate osoa dauka.
  • Langile guztien ongizatea bermatzea. LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen berariazko aitorpena jaso behar da. Aurreproiektuak berdintasunerako, dibertsitaterako eta ongizaterako unitateak jasotzen ditu baina, gure ustez, transbertsalitatea eta eraginkortasuna neurtu ahal izatea bermatu behar dira.
  • Zerbitzuak ez azpikontratatzea. Gaur egun hainbat zerbitzu daude azpikontratatuta EHUn (garbiketa, EAZ…). Langile hauek unibertsitateko komunitateko kideak dira eta ezin dira bigarren mailako langileak izan.
  • Irakasleen ibilbide akademikoaren baitan atzerrian 2 urteko doktoretza ondoko aldia eskatzearen ordezko aukerak, lanaren eta familiaren arteko kontziliazioa bermatzeko. Egonaldi honen exijentzia arazo gaindiezina izan daiteke seme-alabak dituzten pertsonentzako edo egoera ekonomiko prekarioan daudenentzako.
  • Jardunaren ebaluazioa TEKAZELen karrera profesionalaren barruan kokatzea, eta ez jarduera fiskalizatzeko elementu gisa. Aurreproiektuaren testuan ebaluazioa independentea da, karrera profesionaletik kanpo. STEILASek, azkenengo honen barruan soilik ulertzen du jardueraren ebaluazioa.
  • Unibertsitate pribatuei exijentzia handiagoa ezartzea ikerketan eta euskararen erabilera beren jardueretan bermatzean. Aurreproiektuaren sarreran esaten den bezala, ezinezkoa da ikerkuntza, prestakuntza eta ezagutzaren transferentzian lan egiten ez duen unibertsitate bat. Horregatik, oso baxua da unibertsitate pribatuek ikerkuntzara bideratzeko proposatzen den %5a.
  • Ordezko irakasleak ez dira desagertu behar, baizik eta beraien lan-baldintzak bermatu. Errealitatetik kanpo dago ordezko irakasleen desagerpena irudikatzea, batez ere behar handiena duten departamentu txikietan. Unibertsitateak beti beharko du ordezko irakasleren bat, gutxi badira ere, eta beraien lan-baldintzak duindu da egin behar dena.
  • Irakasle eta ikertzaileen soldataren zatirik handiena finkoa eta eskatutako merezimenduen araberakoa izatea, eta gainerako osagarriak eguneratzea. Soldatetan ziurtasuna behar da, eta osagarrietan jada jasotzen dena bermatzeaz gain, hauen kopurua erabat zaharkituta geratu da eta eguneratu behar da.
  • Unibertsitate publikoak kontratatzen dituen langile guztiek legeak ezartzen dituen prozesu berberak pasatzea. Aurreproiektuan jasotzen da zenbait irakasleen figuretan kontratazio zuzena egitea jartzen da mahai gainean, hau da, beste irakasleek pasa behar duten prozesurik gabe.

Lege honen izapidetze-prozesua arretaz zainduko dugu, eta unibertsitate publikoaren interesak errespetatu daitezen presioa egiten jarraituko dugu.