Saharako Polisarioaren bitartez jakin dugu Lehbib Mohamed Abdelaziz komandantea eta Polisarioko beste bi kide erail dituela Marokok droneen bidezko eraso batean, ekainaren 7an.
Lehbib Mohamed Abdelaziz Tindoufeko errefuxiatuen gunean jaio zen 1989an. Mohamed Abdelaziz Fronte Polisarioko sortzaile eta 40 urtez idazkari nagusi izan zenaren laugarren semea zen. Mohamed RASDeko lehendakaria izan zen 1982tik 2016. urtera arte, hil zen arte.
Lehbib Mohamed Abdelaziz Nazioarteko Harremanetan lizentziaduna, 2024an, Polisarioaren XVI. Kongresuan Idazkaritza Nazionaleko kide aukeratua izan zen. Polisarioko lehendakaritzaren hitzetan “langile fina, diziplinatua eta serioa zen, arduraz jokatu eta apaltasunez hitz egiten zuena”. Bere ibilbidearengatik eta bere gaitasunengatik Polisarioko zuzendaritzako postuetarako hautagai nabarmena zen.
Erailketak ONUko Staffan de Mistura bitartekaria Tindufen dagoen bitartean gertatu da. De Mistura Mendebaldeko Sahara eta Marokoren arteko harremanak bultzatzeko misioan joana, Sidi Moamed Omar MINURSOko eta ONUrentzako Polisarioko ordezkariarekin bildu zen; hain zuzen ere erreferenduma egiteko ONUk onartzen duen ordezkaria da Sidi Mohamed Omar.
Alabaina, AEBk urte hasieran Polisarioak bake prozesuaren eragozpena egotzi zioten, Marokoko soberaniapeko “autonomia” errealagotzat jotzen baitute amerikarrek. Testuinguru horretan, Africa Lion izeneko nazioarteko interbentzio militar bat bultzatu zuen AEBk, Marokoko lurralde okupatuko eremu zabalean. Eraso zabal horri erantzun asmoz, Polisarioak hiru jaurtiketa egin zituen maiatzaren 5ean okupatutako Esmara hirian, inor zauritu gabe.
Pedro Sanchezen gobernuak gogor salatu zuen sahararren azken eraso hau, baina Lehbib Mohamed Abdelazizen erailketari buruz ez dute txintik ere esan.
Steilasen gogor salatzen dugu Marokok saharar herriari eragiten dion jazarpena eta epe luzeko genozidio isila. Baita ere salatzen dugu estatu espainiarraren utzikeria sahararren auzian, eta onartezinak iruditzen zaizkigu espainarren presidenteak marokoarrei egindako aitortza.
Gaitzesten ditugu AEBk ekonomia globalean oreka aldarazteko eragiten dituen gatazka armatuak, gerra hauen ondorioak eta marokoarrei eskaintzen dien babesa Saharako lehengaiak kontrolpean izateko, herritarrak egoera lazgarrian bizitzera kondenatuz.
Estatu espainarrari exijitzen diogu egin ditzala urratsak sahararren onespenaren eta hauen autodeterminazioaren alde. Eskatzen diogu ONUri ez dadila sahararren kontrako krimenen konplize izan eta har ditzala erailketa hauek argitzeko behar diren neurriak.
Sahara sahararrentzat!!
Leave A Comment