Gaur Haurreskolak Partzuergoarekin bildu gara Mahai Parekidea eta Mahai negoziatzailean hainbat gai lantzeko. Berriro ere, Hezkuntza Sailetik ez da inor etorri.
Bi hilabete luze pasa dira azken mahaia izan genuenetik eta informazio falta larria izan da emandako hainbat gertakarien aurrean. Administrazioaren partetik horrelako bunkerizazioak ezin dira eman, langileak eta sindikatuak momentu oro informatuak izatea gardentasuna bermatzeko beharrezkoa delako.
Hauek dira mahaietan landutako gaiak:
Lan hitzarmen berriaren argitalpena: hurrengo asteetan argitaratuko dela baieztatu digute, izapidetze guztiak eginda daudelako.
Lanpostuen zerrenda (LPZ)
Haurreskolak Partzuergoko lanpostuen zerrenda nabarmen handituko da STEILASek eta LABek sinatutako akordioari esker, 1165 lanpostu egongo direlarik. Zerrenda hau oinarria izango da Lekualdatzen-lehiaketa aurrera eramateko.
25-26ean errepikatu diren ekoizpenagatiko kontratuak direla eta, 34 lanpostu sartu beharko lirateke LPZn, aurreko urteko 63 lanpostuak bezala. Baina berriro ere, administrazioaren utzikeriagatik eta izapidetze ezberdinak direla eta, ez dira irailaren 1ean txertatuak egongo. Ondorioz, LABekin batera, akordio proposamen bat landuko dugu aurreko ikasturtean emandako egoera judiziala ekiditeko.
Lekualdatze- Lehiaketa
Datorren astean lekualdatzearen deialdia argitaratuko da eta prozesuari hasiera emango zaio. Gaur, egutegia aurkeztu digute eta asteartean egingo da publiko udaran emango diren prozesu guztien egutegiarekin batera. Hurrengo egunetan prozesua azaltzeko hitzaldia egingo dugu.
77 lanpostuen finkapena
Hurrengo asteetan Haurrekolak Partzuergoak informazioa helaraziko die prozesu honetan egongo diren hautagaiei, jakinaren gainean egoteko eta erabiliko dituen herramintak azaltzeko. Printzipioz, OPENET plataforma berrerabiltzen saiatuko dira.
Lekualdatze-lehiaketa bukatu ostean, libre geratu diren plazak Merezimendu-lehiaketako erreserbako zerrendan dauden hautagaiei lanpostua aukeratzeko epea irekiko zaie. Hurrengo astean prozesuaren egutegia izango duzue.
Esleipena eta kontratuari uko egiteko aukera
Aurreko prozesuak amaitzean, hutsik geratzen diren lanpostuak betetzeko, esleipena deituko da. Prozesua Hezisarean egiteko aukera baloratzen ari dira. Esleipena egin baino lehen, bi egun emango dira indarrean dagoen kontratuari uko egiteko. Honen egutegia ere datorrean astean argitaratuko da.
Udal Haur Eskoletako integrazioak
Eusko Jaurlaritzak ateratako legearen ondorioz, hainbat udal haur eskola Haurreskolak Partzuergoan integratzeko eskaria egin dute: Aretxabaleta, Gaubea, Ordizi, Usurbil, Andoain eta Oiartzun. Horietako bik zailtasunak dituzte irailaren 1erako integrazioa lortzeko, baina izapideak egiten ari dira.
Haur Eskola hauetako langileak langileen estatutuko 44.artikuluak dionaren arabera subrogatuak izango dira; beraien kontratuaren izaera mantenduko dute eta Haurreskolak Partzuergoko langileen lan baldintzak izango dituzte.
Gai-ordenean ez zeuden hainbat gaietaz ere hitz egin dugu:
Ordezkapenak betetzeko arazoari irtenbideak topatu behar diogula aipatu dugu.
Aurreko astean STEILASen ateratako komunikazioan azaldutako ezinegonaz ere hitz egin dugu, araudian jasotako irteera ordutegien aferaz, alegia. Hurrengo araudia sortzerakoan aipatutakoak kontuan izango dituztela esan digute.
Hurrengo ikasturteko egutegian egun minimoa zehaztearen arrazoia galdetu dugu, ezinegona sortu baitu lankideen artean. Dirudienez, familia eta udaletxe ezberdinen eskaerari erantzuten dio.
Ikasturte amaiera gogorra eta prozesuz beteta izango da aurtengoa. STEILASen hasieratik hau horrela izango zela aipatu genuen eta horregatik, matrikulaziotik hasita, dena aurreratzeko proposamena egin genuen. Ez zenez onartu, hemen gaude. Hurrengo asteetan dena modu egokian eta eraginkorrean aurrera ateratzeko lanean egongo gara, langileen lan baldintzak eta eskubideak babesten.
Leave A Comment