Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritza batzordeak, beste behin ere familien hitza eta beharrak kontutan izan gabe, haurren sarrera eta irteeretarako ordutegiak bere interesen araberara ezarri ditu.
Haurreskolak partzuergoaren helburua, familia eta lana uztartzea eta haurren heziketa integrala lortzea omen da. Hala idatzita egon arren, behin eta berriz esan izan dugu horretarako baliabideak maiz ez datozela bat. Eta gaurkoan ere horretan berresten gara. Izan ere, argi geratzen baita neurri eta moldaketa hauekin familien beharrak ez direla kontutan hartzen.
Azken asteotan, haurreskoletako izen ematea zabaldu denean, hezitzaileen hainbat dei jaso ditugu. Bertan ordutegiei buruzko familien kexak izan dituztela azaldu dute, datorren ikasturteko irteera ordutegia 13:00etara atzeratu dutelako, alegia. STEILASen izen emate araudia ikusi bezain azkar, zuzendaritza batzordeari jakinarazi genion hau gertatuko zela, baina hala ere, haiek ez zuten inongo aldaketarik edo ekarpenik onartu.
Aldebakarrez egindako moldaketa horrek eragin zuzena dauka familia askoren egunerokoan. Jakin badakigu haurreskola asko eskola publikoko eraikin berean edo gertu daudela kokatuta eta ikastetxe askotan, haurren irteera ordutegia 12:30ak direla. Horrek familietan izugarrizko buruhaustea ekarri dezake; izan ere, haur bat 12:30etan batu eta bestea jasotzeko denbora tartea luzatu egingo litzateke alferrik, eguerdiko kudeaketa zailduz eta askorentzat bazkalorduak zein eskolara itzulerak kaltetuz. ( ez da inondik inora onargarria.)
Noren mesedeetan? Zein helbururekin? Kontziliaziorako bideak erraztu beharrean zergatik mugatzen dira? Haurreskoletara doakotasuna iritsi zenetik, murrizketa eta moldaketak ezarri dira zerbitzuan etengabe. Bestalde, muga hauek Euskal Eskola Publikoaren ibilbidea ahultzen dutela argi dago, ondorioz, matrikulazio garaian familien erabakia itundu-pribatura bideratzen baita honela, eskaintzak malguagoak izanik.
Amaitzeko, Steilasetik Zuzendaritza Batzordeari eskaintzaren inguruko hausnarketa sakonago bat egin dezan eskatzen diogu. Eta honekin batera, haurreskola bakoitzak familien kontziliazioa eta haurreskolako kudeaketa egokia erraztuko dituen ordutegiak ezarri ahal izateko autonomia izateko bideak ireki ditzala lehenbailehen.
Leave A Comment