MAHAI PAREKIDEA
LAL PROZESUA
Atzoko bileran lekualdatze-prozesuaren datuak jakinarazi zizkiguten. Guztira, 148 langile finko lekuz aldatu dira. Horren ondorioz, 98 bakantedunek plaza galdu dute. Gainerako 50 plazak lekualdatze prozesuaren emaitzen ondorioz banatu dira, langile finko batzuk beste langile finko batzuek hutsik utzitako plazetara mugitu direlako.
IKHA/COCU IKASTURTE HASIERAKO ESLEIPENAK
Datorren astelehenean, ekainaren 15ean, Hezkuntzako webgunean argitaratuko da prozesuari buruzko informazio guztia, baita parte-hartzaileen zerrenda ere.
Aurten hainbat berrikuntza daude aplikazioan, eta, horren ondorioz, gidan ere aldaketak egin dira. Esleipenak Heziguneren bidez egingo dira, eta Sailak ekainaren 15terako parte hartzeko egoeran (Parte hartu nahi dut) jarriko ditu honako ordezkogai hauek:
• Lekualdatzearen ondorioz bakantea galdu duten langileak.
• Bakanteari, EKri edo ordezkapenari uko egin dioten langileak.
• Adinagatiko hereneko murrizketa ordezkatzen ari diren langileak.
• Eszedentziak, lanaldi-murrizketak eta antzeko egoerak dituzten langileen ordezkapenak egiten ari diren langileak, baldin eta titularrak amaiera-data adierazi badu. Horrez gain, parte-hartzaileek beren lan-egoera eguneratzeko aukera izango dute. Lan-egoeran honako aukera hauetako bat ager daiteke:
• Parte hartu nahi dut.
• Ez dut parte hartu nahi.
• Ezin dut parte hartu.
“Ezin dut parte hartu” egoera agertzen bada eta interesdunak egoera aldatu nahi badu “Parte hartu nahi dut” aukerara pasatzeko, horretarako formulario bat irekiko da. Bertan, egoera aldatzeko arrazoia azaldu eta dagokion justifikazioa aurkeztu beharko dira.
MAHAI NEGOZIATZAILEA
ADINAGATIKO MURRIZKETA
Ikasturte osoan zehar adinagatiko murrizketaren negoziazioan aritu gara, eta orain arte Hezkuntza Sailak aurkeztu dizkigun proposamenek, batez ere azkenak, hiru modalitateak jasotzen zituzten. Hala ere, azken egunotan aldaketak egin ditu bere planteamenduan: ostiralean proposamen berri bat jaso genuen, eta bilera egin aurreko arratsaldean beste bertsio bat bidali ziguten, aurrekoekin alderatuta hainbat aldaketa jasotzen zituena.
Atzoko bileran, ordea, Sailak alde bakarrez erabaki zuen hirugarren modalitatea, urteanitzeko modalitatea, bertan behera uztea. Erabaki hori ez dator bat orain arte egindako negoziazioaren garapenarekin, eta azken unean egindako atzerapauso argia dela uste dugu.
Bilera aurreko arratsaldean bidalitako proposamena ostiralekoa baino osatuagoa bazen ere, oraindik hainbat alderdi hobetzeko zeudela adierazi genuen, eta gure eskaera eta ekarpenak berriro ere mahai gainean jarri genituen. Besteak beste, honako hauek eskatu genituen:
• Modalitate guztiak langile guztien eskura jartzea.
• 65 urtetik gora ere %50eko lanaldi-murrizketa egiteko aukera bermatzea.
Azken proposamenean, ordea, ez da urteanitzeko modalitatea ezabatu bakarrik; gainera, aurkeztutako eskaera eta hobekuntza-proposamen nagusiak ere ez dira jaso.
Egoera honen aurrean, Hezkuntza Sailari negoziazioari benetako edukia ematea eta langileen eskubideak hobetuko dituen proposamen bat aurkeztea exijitzen diogu.
TXANDA KONTRATUA
Txanda kontratuaren inguruko informazioa ere helarazi ziguten atzoko bileran eta lotura zuzena du adinagatiko murrizketan egin nahi duten anabasarekin.
Badirudi datorren astean Ministroen Kontseiluak salbuespenezko neurri ez-ohiko bat onartzea aurreikusten dela, EPE prozesuak gauzatu eta amaitu arte aldi baterako langileak errelebista gisa kontratzea ahalbidetzeko.
Ikasturte hasieran, EPEa garaiz gauzatzeko denborarik ez zegoela argudiatuta, Sailak txanda-kontratuaren gaia baztertu zuen. Orain, aldiz, salbuespenezko neurri ez-ohiko honen aitzakipean, adinagatiko murrizketaren metaketa-modalitateei murrizketak ezarri nahi dizkie. Izan ere, denboraren aitzakia erabiliz, ez du errelebistak kontratatzeko beharrezkoak diren lanpostu hutsen aurreikuspenik egin. Bien bitartean, milioika euro bideratzen ari da itunpeko ikastetxeetan txanda-kontratuak bermatzeko.
STEILASen argi daukagu langileen lan-baldintzak ezin direla unean uneko interesen arabera aldatu, eta are gutxiago etorkizunean har daitezkeen edo har ez daitezkeen erabakien arabera. Lan-baldintzek egonkortasuna, segurtasun juridikoa eta langileekiko errespetua behar dituzte.


Leave A Comment