Hilabeteetan keinuka aritu ondoren, UGTk inpugnatu egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko lan-arloko salan LAB, CCOO eta STEILAS sindikatuok eta Administrazioak sinatutako akordioa, ordezko irakasleak arduraldi osoan kontratatu ahal izatekoa.
Aurreko errektoretza taldeak USLOren ordezkoen inguruan egin zuen interpretazioa oso murriztailea zen. Horren ondorioz, ordezko irakasleak (plaza hutsa betetzen ez zutenek) jardunaldi partzialean kontratatzen zituen (18 kreditu), nahiz eta ordezkatutako irakaslea jardunaldi osokoa izan (24 kreditu). Horrek irakasle horien prekarietatea ekarri zuen: miseriazko soldatak (gehienez
800€), ordezkoak lortzeko zailtasunak eta, horren ondorioz, beste irakasleek gain karga edukitzea. Gainera, EHUko IRIen lan-hitzarmenean jasotako aukera bat — sail bereko jardunaldi partzialeko bi kontratuak batzeko aukera— bertan behera geratu zen.
Aurreko errektoretza taldearen itxikeriaren aurrean, mobilizazio kanpaina luze bat abiatu zen, ia sindikatu guztiek bultzatuta eta prekarioen plataformaren partehartzearekin. EHUn bi greba egun egiteaz gain, beste ekimen asko garatu ziren eta prekarizazio-egoera hori hainbat gunetan etengabe salatu genuen. LAB, CCOO eta STEILAS sindikatuen iritziz beste interpretazioa ere baliozkoa zen, eta ustezko ezintasun hori gainditu eta lan-baldintza hobeak eskaini zitezkeen. Ez dugu ahaztu behar, Estatu espainiarreko unibertsitate batzuetan arduraldi osoko kontratuak erabiltzen ari direla ordezkapenak egiteko.
Errektoretza talde berriak ordezkapen kontratuak arduraldi osoan egin daitezkeela argudiatzen duen txosten juridikoa aurkeztu zuen. Txosten horrek arrazoia eman zion LAB, CCOO eta STEILAS sindikatuek aspalditik defendatzen zuten jarrerari. Horrela, negoziazio prozesua ireki zen sindikatuekin eta 2025eko maiatzean LAB, CCOO eta STEILAS sindikatuen (irakasle-ikertzaileen ordezkaritzaren % 73,1) eta Administrazioaren artean akordio bat sinatu zen.
Akordio horren arabera, arduraldi osoko ordezko kontratuak bideratzen ziren eta, arduraldi partzialeko ordezko kontratu bat zegoen sailetan, bigarren arduraldi partzialeko kontratu baten beharra sortzekotan, bi kontratuak batzea ahalbidetzen zen. Akordioaren oinarria zen ordezko irakasleek, eskola eta tutoretzez gain, irakaskuntzarako ezinbestekoak diren beste zeregin batzuk egin behar dituztela (irakaskuntza-materiala, eskolak prestatzea, laborategi-praktiken diseinua eta eguneraketa, azterketak eta lanak zuzentzea, besteak beste) bai eta irakasgaiari lotutako oinarrizko kudeaketa- eta ikerketa-lanak ere.
EHUn dauzkagun prekarietate egoerekin bukatzen ez bazen ere, akordio horrek langile askoren lan-baldintzak hobetzea ahalbidetu zuen. Gauzak horrela, pauso oso positibotzat hartu genuen. Aurreko bi urteetan langileok garatutako borrokak eta oraingo errektoretza taldearen jarrerak posible egin zuten gatazka horretan aurrerapauso garrantzitsua ematea. Ordezko irakasleez gain, sailak eta gainerako irakasleok onuradun izan gara, ordezkapenak egiteko irakasleak topatzea eta irakaskuntzaren antolaketa errazten direlako.
Hilabete hauetan zehar, UGTk presioa egin dio errektoretzari, administrazioaren erabaki batzuk baldintzatzen saiatzeko, behin eta berriz akordio hori inpugnatzeko aukera iradokiz. Duela urtebete (2025eko ekainaren 30eko komunikatu bateratu batean) LAB, CCOO eta STEILAS sindikatuok UGTren jarrera salatu genuen. Orain gauzatu egin dute, erdietsitako akordio hura epaitegietara eramanez. Zentzu horretan, irmoki salatzen dugu kolektibo prekarioenetako bat truke-txanpon gisa erabiltzea.
UGTk lanaldi osoko irakasleak ordezkatzeko jardunaldi osoko kontratazioak egiteko aukeraren aurka egiteaz gain, lanaldi partzialeko beharrak konbinatuz lanaldi osoko kontratuak egiteko aukera ere baliogabetu nahi du (jatorrizko lanhitzarmenean zegoena). Gainera, inpugnazio-demandak lanaldi partzialeko ordezko irakasleen lan-baldintzak hobetzeko eta lanaldi partzialeko bi ordezkapen-kontratu edo gehiago dituzten sailetan partzialtasuna murrizteko neurriak negoziatzeko konpromisoaren kontra doa.
Askotan epaitegietara joan behar izan dugu langileen defentsan EHUko zuzendaritza ezberdinen kontra. Akordioan sinatutakoak ez zuen arazoa guztiz konpontzen, baina orain, sinestezina badirudi ere, epaitegietara eramango gaitu sindikatu batek langileen alde lortutakoa bertan behera uzten saiatzeko.
LAB, CCOO eta STEILAS sindikatuek harridura handiz jaso dugu UGTk unibertsitatean prekarietateari eta miseriazko soldatei aurre egiteko eraginkorra dela erakutsi duen akordio baten aurka egiteko hartu duen erabakia. Akats estrategiko larritzat jotzen dugu ekintza judiziala langileen eskubide materialak zabaltzen dituen akordio baten aurka zuzentzea.
Era berean, LAB, CCOO eta STEILAS sindikatuen EHUko sail sindikalek sinatutako akordioa berresten dugu, bai eta ordezkapen kontratuak arduraldi osoan egin ahal izateko lan-hitzarmenean egindako aldaketak ere.
Leave A Comment