Hezkuntza Sailaren jokaera okerra agerian uzteko eta berme juridikoa izateko asmoz, gaur STEILASek deitutako Batzorde Paritarioa izan dugu, eta araudian jasotzen duen bozketa prozesua burutu da.

Aurreikusi bezala, Hezkuntza Sailak berriro ere haren posizio politikoa eta urraketak berretsi ditu. Besteak beste, ikastetxe publikoen fusio, integrazio edo itxierak langileen ordezkariekin negoziatzearen aurka agertu dira, Hezi+ ebazpenak jasotzen dituen langileen lan baldintzen urraketak mantentzearen alde egin dute, asteko gehieneko irakastorduetan izandako murrizketak konpentsatzeko behar adina kreditu emango ez dituztela jakinarazi dute eta, orokorrean, akordioan jasotako baliabideak esleitzeko irizpideak osotasunean ez direla errespetatuko esan dute.

Horretaz gain, LHko ratioak progresiboki aplikatzeko asmoarekin jarraitzen dute, akordioak horrela adierazten ez duen arren. STEILASek beste behin ere, etapa osoan aplikatzea exijitu du. “Irakaskuntza konplexutasunaren Berariazko espezifikoa” kontzeptuari dagokionez, estatuko 2025eko (2,5%) eta 2026ko (1,5%) igoerak atzeraeraginez aplikatzea baloratuko dutela onartu digute.

Begoña Pedrosak zuzentzen duen sailak maiatzean sinatu zituen neurri eta baldintzen aurka egiten jarraitzen du. Gauzak horrela, STEILASek 2025ean sinatutako akordioa irmotasunez defendatzen eta dagokien gaiak epaitegietan salatzen jarraituko du.