Ekainaren 19an adinagatiko arreta zuzenaren murrizketaren proposamen berri bat jaso genuen Hezkuntza Sailetik. Proposamen horretan, gure sorpresarako, 60 urtetik gorakoentzako urteko metaketa (ikasturtea lehenago amaitzeko aukera) desagertzen da eta urte anitzeko metaketa (zerbitzuak emateari lehenago uzteko aukera) berriro txertatu. Izan ere, orain arteko negoziaketetan urteko metaketa izan da Hezkuntza Sailarentzat aplikagarriena eta urte anitzekoa berriz, behin baino gehiagotan mahai gainean egon bada ere, aplikatzen zailena (nahikoa lanpostu hutsik ez dagoenaren aitzakiapean).
Ordurarteko proposamenak txanda kontratuari lotuta zeuden. Hau da, txanda kontratua aterako balitz urte anitzeko metaketa guztiak bertan behera gertuko lirateke lanpostu huts falta horrengatik. Azken proposamen honetan, aldiz, ez da baldintza hau jasotzen.
Honekin guztiarekin, ez dugu esan nahi egokiagoa ikusten dugunik aukera bat edo beste, edo baldintza bat edo beste. Agerian utzi nahi ditugu Hezkuntza Sailak eman dituen ustekabeko aldaketak.
Proposamen honekin batera, ekainaren 22rako sinatuko genuen edo ez adierazteko eskatu ziguten eta, horren arabera, Negoziazio Mahaia deituko zuten ala ez.
STEILASetik Negoziazio Mahaia deitzeko eskaera egin genuen. Izan ere, aldaketa guzti hauen inguruko azalpenak eta zehaztapenak behar ditugu langile guztientzat onuragarriena izango den akordio batera iritsi ahal izateko. Are gehiago, aurretik mahai gainean aukera guztiak izan ditugunean; 2 ordukoa, egunerokoa, urtekoa eta urte anitzekoa.
Gaur, ekainak 25, negoziazio mahaia deitzeko eskaera zuzena egin diogu berriro Hezkuntza Sailari.
Leave A Comment