STEILASek Lan-legepeko hezitzaileen Adinagatiko Arreta Zuzenaren Murrizketarako deialdia negoziatzen jarraitzeko eskaera hainbatetan egin badu ere, Hezkuntza Sailak negoziazioa amaitutzat eman eta aldebakarrez atera du deialdia.

Hainbat izan dira Hezkuntza Sailak AAZM-rako egin dizkigun proposamenak, baina, guztiek zuten adostasun batetara iristeko oztoporen bat. Ekainaren 19an jaso genuen azken proposamena eta sinatuko genuen ala ez erabakitzeko eskatu zitzaigun. STEILASetik, negoziatzen jarraitzea eskatu genuen gure eskaera asko jaso gabe zeudelako.

 60urtetik gorakoentzat bi aukera berri planteatu izan dira. Batetik, urteko murrizketa zeinak ikasturtea lehenago amaitzeko aukera ematen duen. Bestetik, urteanitzeko murrizketa, zeinak zerbitzuak emateari lehenago uzteko aukera ematen duen (erretiroa nolabait “aurreratzeko” aukera).

Bi aukera hauen inguruan, STEILASen eskaera, ondorengoa izan da; langileei bi modalitateak eskaintzea eta bakoitzak, bere egoeraren arabera, egokiena hartzeko aukera izatea. Izan ere, langile bakoitzaren egoera ezberdina izan daiteke eta bati ondo datorkiona besteari, agian, ez hain ondo. Hezkuntza Sailaren aldetik, ordea, modalitate bakar bat aukeratu genezakeen eta ESKAERA HAU EZ DUTE TXERTATU.

Era berean, jakin, sailarentzat urtekoa aplikagarriagoa izan dela lehen momentutik eta ezkorrago agertu dela urte anitzeko modalitateari dagokionez.

Hau horrela, proposamen batzuetan urte anitzeko murrizketa kendu egin dute, txanda kontratua urte anitzetan gauzatzeko behar adina lanpostu hutsik ez dagoela eta Euskal Herrian, 2026eko ekainaren 29an langile horiei urte anitzeko aukera eman ezin bazaie besteei ere ezin zaiela eman esanaz. Eta orain, bat-batean, modalitate hori jaso dute deialdian.

Urte anitzeko murrizketa, gainera, txanda kontratuari lotuta aurkeztu izan zaigu. Hau da, behin txanda kontratua aterako balitz, urte anitzeko murrizketa denak etengo lirateke, txanda kontratua hartzeko baldintzak bete ala ez. STEILASetik bi oztopo ikusten genituen hemen; ez dakigu txanda kontratua zein baldintzetan aterako den eta txanda kontratua hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten langileak ere murrizketarik gabe utziko genituzke.

 59 urtetik gorako langileek astean 2 orduko murrizketa metatzeko aukera izatea, hiru hilabeteko metaketa eginez, eta ondorioz zerbitzuak lehenago amaitzeko aukera izatea. ESKAERA HAU EZ DUTE TXERTATU.

 65 urtetik gorakoentzat lanaldia erdira murrizteko aukera ere eskatu izan dugu behin baina gehiagotan. Izan ere, irakasle funtzionarioez gain, gure sektoreko batek (irakasle laboralak) aukera hori badu gaur egun. ESKAERA HAU EZ DUTE TXERTATU.

 Deialdia atzeratzen ari zela ikusirik, atzeraeraginkortasunarekin aplikatzea ere gure eskaeretako bat izan da. Hau da, langileak baldintzak deialdia atera baino lehenago beteko balituzke, egun horretatik zenbatzen hastea, alegia. Horrela, baldintzak irailaren 1a baino lehenago bete dituzten langileek irailetik aurrera metatu ordez, baldintzak bete dituzten egunetik metatu ahalko lukete, metaketa egunik galdu gabe. ESKAERA HAU EZ DUTE TXERTATU.

Hau guztia esanik, STEILASek ez du babesten Hezkuntza Sailak Lan-legepeko hezitzaileentzako aldebakarrez atera duen Adinagatiko Arreta Zuzenaren Murrizketarako deialdia.