STEILAS sindikatutik berriro ere salatu dugu Hezkuntza Sailaren arduragabekeria. Izan ere, ekainaren 30ean prozesu estrategiko hauen inguruko bilera egitea aurreikuspen eta antolaketa faltaren adierazle argia da. Bilera horretan ordezkoen araudiari eta ikasturte hasierako ebazpenei buruzko azalpenak eta argibideak ere eskatu ditugu.
Hezkuntza Sailak jakinarazi digu maisu-maistren EPEaren deialdia 2026ko irailean edo urrian argitaratzeko asmoa duela. Deialdiarekin batera, gaitegiak euskaraz ere argitaratuko direla adierazi du.
Bestalde, Auzitegi Gorenaren ebazpen baten ondorioz, desgaitasun-txandarako merezimendu-lehiaketa berri bat egingo da, eta bertan 222 lanpostu eskainiko dira. Lehiaketa hori ohiko EPE prozesua baino lehen egingo da; ondoren, 2027ko irailaren 1etik aurrera, ohiko oposizioaren lehiaketa-faseari ekingo zaiola jakinarazi digute.
IKHA/COCU prozesuari dagokionez, eta ordezkoen araudi berriak ezarritako puntuazio bikoitzaren ondorioz, puntuazio bikoitza ematen duten ikastetxeen zerrenda eta horien inguruko argibideak lanpostuak hautatzeko epea ireki aurretik argitaratuko direla adierazi du Hezkuntza Sailak.
Hala ere, berriro ere agerian geratu da Sailaren aurreikuspen falta. Puntuazio bikoitzaren inguruan sortu diren zalantza eta galdera ugariei ez die erantzun argirik eman, eta, ondorioz, segurtasun juridikoari buruzko zalantzak sortzen dituen neurri bat aplikatuko du.
Horrez gain, STEILASek gogor salatu du EHIko irakasleek ikasturte osoan zehar bizi izan duten babesgabetasuna, informazio falta eta begirune eza. Egoera hori bereziki larria izan da berratxikipen prozesuan eta IKHAren aurreko hilabeteetan. Horregatik, Hezkuntza Sailak langile hauekin, bihar, Uztailaren 1ean izango duen bileran erantzunak eta konponbideak ematea eskatzen dugu.
Ikasturte hasierako ebazpenei dagokienez, onartezina da Hezkuntza Sailak datozen bi ikasturteetan indarrean egongo diren behin betiko ebazpenak ikastetxeetara bidali izana sindikatuoi aurrez helarazi gabe eta, era berean, bere webgunean argitaratu gabe.
STEILASek ebazpen horiek aztertzen jarraituko du, beharrezko aldaketa eta zuzenketak exijitzeko eta langileen eskubideak bermatzeko.
Desburokratizazioari dagokionez, Steilasek salatzen du ez zela aldez aurretik bileran jorratu beharreko gaien informazio ezta materialik bidali eta horrek batzordearen beraren izaerari kalte egiten diola, hausnartzeko denbora faltagatik eztabaida zailtzen duelako. Bileran bertan adierazi den moduan, datorren ikasturtean pilotaje fasean dagoen aplikazio berria erabiltzen hasiko dela jakinarazi du Hezkuntza Sailak.
STEILASen ustez, langile guztien administrazio-karga benetan arinduko duten tresna eraginkorrak garatzen jarraitu behar da. Bitartean, Sailak urteotan sortu dituen aplikazio guztietarako sarbidea bateratzeko konpromisoa hartu du; era berean, protokoloen erregistroa eta kudeaketa errazteko neurriak ezarriko direla eta hainbat izapide egiteko behar den “klik” kopurua murriztuko dela adierazi du.
Leave A Comment