Selektibitatean euskaran zero edo zerotik gertu atera duten ikasleen kalifikazioa kontuan ez hartzeko eskatu dio justiziak EHUri, kautelazko neurri gisa. Unibertsitateak, aldiz, erabakia errekurrituko du, neurri horrek ikasgaia gainditu ez duten ikasleak saritzen baititu eta gainditu dutenak zigortu.
Duela egun gutxi salatu genuen Unibertsitatera Sartzeko Probako (USaP) emaitzek agerian uzten zituztela hezkuntza sisteman sare desberdinen artean ematen diren desorekak. Azken gertaerak gure diagnostikoa indartu baino ez du egin.
Arazoa ez da soilik diru publikoz finantzatzea aukera berdintasuna bermatzen ez duten eta euskararen normalizazioa oztopatzen duten ikastetxe pribatu eta itunduak. Orain, gainera, ikasleen zati nimiño bati bakarrik eragingo dion araua ezarri nahi dute, sareen arteko desorekak larriagotuz. Ez baita neurri bera hartuko matematika, historia edo bestelako ikasgai bat gainditu ez dutenekin.
Mezua kezkagarria da eta aurrekaria zinez arriskutsua. Emaitzak ezagutu ondoren arauak aldatzeak ikasleak egoera zaurgarrian uzten ditu. Sistemarekiko konfiantza desagertzen da. Euskarak galdu egiten du, euskararen ezagutza eta ikasgaia gainditzea kaltegarria izatera arte. Instituzioek gutxi batzuen pribilegioak areagotzea ez da onargarria.
Hezkuntza administrazioek desberdintasunak ahalbidetzen dituen hezkuntza sistemaren gabeziak onartu eta erantzukizuna hartu beharrean, probak zuzentzen dituzten irakasleengan jarri dute fokua, haien lana eta profesionaltasuna inplizituki zalantzan jarriz. Arazoak hezkuntza politikan du jatorria, ez ebaluazio irizpideak aplikatu dituzten zuzentzaileetan.
STEILASen ez dugu onartuko hezkuntza sareen artean ematen diren desberdintasunen aurrean pribilegio berriak sortzea, are gutxiago euskararen ezagutza falta saritzea. Gaur euskararen balioa erlatibizatzen bada eta unibertsitatera sartzeko arauak aldatzen badira gutxi batzuen mesedetan, bihar zalantzan jarriko da sistema osoaren sinesgarritasuna.
Berdintasuna ez da salbuespenen bidez eraikitzen, euskal eskola publiko indartsu, inklusibo eta kalitatezko baten bidez baizik. Hezkuntza publikoaren aldeko apustua egiten duenak lehentasuna emango dion hezkuntza sistema merezi du. Horregatik jarraituko dugu eskola publikoko ikasleek unibertsitate publikora sarbide zuzena izan dezaten borrokan.
Leave A Comment