Hasieratik jakin dugu Eskola Bikaina Denontzat izeneko mahaiak ez zuela elkarlanerako gunea izateko baldintzarik betetzen, eta denborak arrazoia eman digu. STEILASek hasieratik gune horretan parte ez hartzea erabaki zuen. Aurreikusi bezala, administrazioak batzorde desberdinak osatu ditu eta propagandarako baino balio ez dituen titularretan geratu da, segregazioaren aurkako politikak kolektiboki eraiki beharrean.
Segregazioaren aurkako borrokak administrazioarekiko mendekotasun eza, aniztasuna eta sistemaren inertziak zalantzan jartzeko gaitasuna eskatzen ditu. Batzordean dauden eragile batzuk Hezkuntza Sailarekiko oso kritiko agertu dira. Zer esanik ez hasieratik kanpoan egon garenok eta bidean ateratzea erabaki dutenak.
Benetako doakotasuna, ikasleen onarpen dekretuan aldaketak eta harrera plan berri bat izango dira erakusleihorako aldagaiak. Matrikulazio politikei dagokienez, Hezkuntza Legearen garapen dekretuek ikaspostu publikoen suntsiketa dakarte eta, bitartean, sare itundua indartzen jarraitzen dute. Gaur egun EAEko ikasleen ia erdia itunpeko sarean matrikulatzen da. Horrek argi erakusten du egungo Hezkuntza Sailak hezkuntza sistema dualari eusten diola, segregazioa elikatuz eta aukera berdintasuna guztiz alboratuz. Gainera, Eusko Jaurlaritzak ez du kontrol mekanismorik ezarri diru publikoa jasotzen duten ikastetxeek legeak ezarritako baldintzak betetzen dituzten bermatzeko, doakotasuna da adibide garbia.
Eskola segregazioa gainditzeko ezinbestekoa da egiturazko aldaketak egitea, eta horretarako ausardia politikoa behar da. STEILASek argi dauka hezkuntza sistema duala gainditu eta sare publiko bakarra hedatu behar dela.
-
Sare publikoa handituz eta indartuz, patronalen interes partikularren gainetik itunpeko eredua desagerrarazi eta ikastetxe horiek sare publikoan integratzeko bide juridikoak ireki behar dira, langileen lanpostuak eta lan baldintzak bermatuz.
-
Familien aukeraketa eskubidea ezin da gizarte kohesioaren eta aukera berdintasunaren gainetik jarri.
-
Eskubide kolektiboak nagusitu behar dira; hurbiltasun errealeko eskolatzea sustatu behar da, garraiatutako ikasleak murriztuz, ekologikoki jasangarria den hezkuntza lortu arte eta ingurumen-aztarna ahalik eta gehien murriztu arte.
-
0-3 etapa doakoa izan behar da, eta hezkuntza publikoaren mapan egon behar da txertatuta, ibilbide osoa bermatuz.
-
Hezkuntza publikoa propioa, euskalduna, laikoa eta feminista izan behar da inklusioa eta jendarte justu eta parekidea bermatzeko ezinbesteko baldintzak baitira. Murgiltze eredua hedatuz, erlijioa geletatik kanporatuz eta feminismoa indartuz.
-
Matrikulazio bulego bakarra behar da, onarpen prozesu gardenak bermatzeko.
-
Hezkuntza merkatuaren logikatik atera behar da; interes eta negozio partikularretatik aldenduz.
-
Gaineskaintzarekin amaitu behar da, eta eskaintza osoa planifikazio publikoaren bidez antolatu.
-
Jantokiak eta eskolaz kanpoko ekintzak doakoak izateko urratsak eman behar dira, aukera berdintasuna bermatzeko eta oinarrizko elikadura eta aisialdi eskubideak bermatzeko.
-
Eskolak demokratikoak izan behar dira, eredu gerentzialetik aldenduz, tokian tokiko errealitateei erantzuteko.
-
Beharrezkoa da programa-kontratuak ezabatzea, konplexutasun handiko ikastetxeei baliabideak zuzenean emanez, lehia eta proiektu burokratikoen menpe jarri gabe.
Beraz, itxurakeriatik harago, segregazioaren inguruko mahai honek, Eskola Bikaina Denontzat deiturikoak, erakutsi du Hezkuntza Sailak ez duela benetako borondate politikorik sistema dualarekin amaitzeko eta zaurgarrien direnei baliabide gehiago emateko, hau da, jendarte kohesionatu eta justu baterantz aurrerapausoak emateko. Gainera, dinamika honetan hezkuntza eragile nagusiak ez dira bertan izan eta beraz, ez da haiek nahi izan duten itun soziala bilakatu. Bertan zehazten diren neurri batzuk ere (doakotasuna kasu) urteetan zehar indarrean egon diren arren ez dira egikaritu eta etorkizunean ere ikusi beharko da zer gertatzen den, batzuek beti topatzen baitituzte zirrikituak beste batzuek begiradapean eta haien onespenarekin, betikotua betikotzen jarraitzeko.
Leave A Comment