Hilabete luzeak daramatzagu Udal haur-eskolen integrazioaren aferarekin aurrera eta atzera. Aurtengoa izango da Eusko Jaurlaritzak diru publikoz udal haur-eskolak finantzatuko dituen azken urtea.
Udal haur-eskolei bi irtenbide baino ez zaizkie geratu: dagoeneko zerbitzu publikoa eskaintzen duen Haurreskolak Partzuergoko haurreskolen sarean sartzea subrogazioaren bitartez, edota udalaren gain geratzea haur-eskola horien gastu eta kudeaketa guztiak.
Guzti honen aurrean, STEILASen argi daukagu: sare publiko bakarrerantz urrats bat gehiago eman da eta Haurreskolak Partzuergoak izan behar du (eta izango da) 0-2 adin-tartea hezkuntza publikoan heztea bermatzen duen zerbitzu publiko bakarra eta doakoa.
Badakigu tokian tokiko proiektuak garrantzitsuak eta beharrezkoak direla eta horiek lortzeko, langile egonkor finkoak, lan baldintza egokiak eta finantziazio nahikoa behar direla. Ondorioz, behin publifikatuta, haurreskola hauek ere beraien herriarentzako lan publiko eta gertukoa egiten jarraituko dutela badakigu; gainera kontrol publiko handiagoarekin eta gardentasun gehiagorekin.
Ezin dugu ahaztu Haurreskolak, Euskal Eskola Publikoaren sarearen parte izanda, gizartea euskalduntzeko oinarri garrantzitsua direla eta integrazio hauekin, udaletxeek beraien herritarrak euskaraz heztea eta ikastea bermatua izango dutela.
Bide honetan, STEILASen babesten jarraituko dugu 0 urtetik aurrerako . Horregatik, beste behin ere, Haurreskolak Partzuergoa Hezkuntza Sailean integratzea eskatzen dugu; honela, haurrek 0-18 ibilbidea bermatuta izango dute Euskal Eskola Publikoan.
Euskal Herrian, 2026ko uztailaren 2an
Leave A Comment