Gaur Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailea izan dugu. Gai-ordenean puntu bakarra genuen lantzeko: karrerako funtzionarioak dituzten udal haur eskolen integrazioa.
Aurreko Steilasberrietan aipatu bezala, subrogazioaren araudia langileen estatutoaren 44. artikuluan jasota dago eta horren aplikazioa lan-legepeko langileentzat da. Orain, aurrean daukagu karrerako funtzionarioak dituen udal haur eskola baten subrogazioa eta prozesua aurrera jarraitzeko, alde sozialaren oniritzia behar da.
Gaurko mahaian horren lanketa egin dugu eta STEILASen akordioa sinatzea erabaki dugu subrogazioa babesteko eta publifikazioaren bidean aurrerapauso bat gehiago emanez; 0-2 zerbitzu publiko bakarra babestuz.
Ez da prozedura berria. Orain dela urte batzuk egindako udal haur eskolen integrazioetan formula bera erabili zen, izan ere, beste aukera legalik ez dago. Gaur egun “istorikak” izenarekin ezagutzen ditugunak.
Bestalde, hurrengo gaiak jorratu ditugu:
-
Udako esleipena: abuztuaren 31n izango da eta Hezisarearen bidez egingo da. Lehentasunak, amortizatuak barne, telefono bidez eskainiko dira. Gainontzeko lan eskaintzak plataforman erabilgarri dauden hautagai guztiek hartu ahalko dituzte. Ez da egongo bertan parte hartzeko derrigortasunik. Administrazioari zehaztasun gehiago dituen dokumentua sortzeko eta langileen esku jartzeko eskatu diogu.
-
77 lanpostuen egonkortzea: bihar behin betiko zerrenda argitaratuko da. Behin kontratuak sinatuta eta ukoak eta eszedentziak jasota, hutsik geratuko diren lanpostuak merezimendu lehiaketako ordezkoen zerrendako hurrenkeraren arabera banatuko dira.
Bestalde, eskainitako lanpostu kopuruari buruz zehaztapenak eskatu ditugu.
-
Kudeaketa langileen ordezkoen araudia eta barne sustapenerako araudiak negoziatu ahal izateko data bat jartzearen beharra adierazi dugu. Hurrengo ikasturtearen hasieran kronograma bat izatea beharrezkoa da.
STEILASen prozesu guzti hauen jarraipena egingo dugu aurrerantzean ere. Datorren ikasturtean erronka berriak izango ditugu, baina orain arte bezala, langile guztien lan baldintzen alde borrokan jarraituko dugu.
Leave A Comment