Nafarroa Garaiko haur eskola publikoen kudeaketa hagitz katramilatsua da: zenbaitetan guztiz publikoa, eta udalek zuzenean kudeatzen dute; beste batzuetan, eginkizun hori udalek sortutako enpresa publikoen bitartez egiten da eta, gehienetan, kudeaketa pribatizatua dago, nahiz eta eraikinak eta zerbitzuak publikoak izan.
Maiz, enpresa kudeatzaileak txikiak dira; adibidez, langileek beraiek sortutako mikrokooperatibak edo enpresa txikiak. Badira, baita ere, zerbitzu publikoak eramateko enpresa handiagoak. Egoera horretan nekosoa da oso langileen lan baldintzen hobekuntza negoziatzea.
Aspaldiko aldarrikapena dira Hezkuntza Departamentuak zikloaren kudeaketa zuzena egin dezan eta erabateko publifikazioa, bereziki 0-3 Plataformak eta gehiengo sindikalak 2022an egindako mobilizazio handiari esker. STEILASek nahi du gure lurraldeko haur eskola publiko guztiak Hezkuntza Departamentuaren gestiopean egotea. Dena dela, zenbait udal, indar politiko eta eragile ez daude prest urratsik emateko helburu hori lortze aldera.
Kudeaketa pribatuaren ondorioak kaltegarriak dira langileentzat, gehienak estatuko hitzarmenaren mendean baitaude, bereziki nabaritzen dena soldata baxuetan eta bestelako lan eskubideetan. Bide batez, udal txiki askori kudeaketa horrek sekulako zama ekonomikoa eta burokratikoa dakarzkio, hala nola kontratazio zerrendak eta oposizioak.
Beraz, egoerari aterabide bat emateko STEILASek planteatzen du Nafarroa Garaian haur eskola publikoen partzuergoa sortzea, bitarteko neurri gisa, Hezkuntza Departamentuak 0-3 publikoa osorik hartu arte (3-6arekin egin zuen bezala). Erakunde berriaren partaideak lirateke Nafarroako Gobernua eta nahi duten udalak. Ez litzateke beharrezkoa izanen hasieratik udal guztiak partaide izatea, eta egitura zabalduko litzateke denboraren poderioz. Bide honetan, oso garrantzitsua izango da transizio hau 0-3ko eragile guztiekin elkarlanean eta hausnaketa prozesu baten bidez egitea.
Horrelako prozesuen adibideak badaude: Iruñeko Udalak Hello haur eskolen langileak subrogatu zituen 2015eko urtarrilean. Ordura arte hezitzaileak Avanvida S.L. enpresan aritu ziren. Geroztik langile horiek lortu zituzten antzinatasun guztia eta finkotasuna. Berdin gerta daiteke orain enpresetako langileekin. Bestalde, 2003an Iruñeko udal ikastolen funtzionarioak Nafarroako Gobernuaren plantillari atxiki zitzaizkion. Hortaz, agerian gelditzen da borondate politikoa egonez gero, posible dela partzuergoa aurrera ateratzea.

Haur eskolen eraikinei dagokionez, udalen esku gelditu daitezke (Haur eta Lehen Hezkuntzako eskolen eraikinekin gaur egun gertatzen den bezala) edo partzuergoak bereganatu, eraikinen mantentze-lanetaz osoki arduratzeko, baina partzuergoak hartuko du langile guztien kudeaketa. Horretarako, enpresetan lanean ari diren langile kontratatuak subrogatuko ditu erakunde berriak, baita funtzionarioak atxiki ere. Partzuergo horretako lan baldintzak Nafarroako Gobernuaren haur eskolenak izanen dira.
Bada garaia haur eskola publiko guztiak erabat publifikatzeko, langile ororen lan baldintzak egokiak izateko, familia guztien eskubidea bermatzeko haien seme-alabak 0-3 ziklo publikoan eskolatzeko aukera izan dezaten eta euskarafobia alde batera uzteko.
Bada garaia publifikazioari amaraunak kentzeko eta 0-3 zikloari duen hezkuntza izaera aitortzeko.
Leave A Comment