Udako oporraldia amaitu eta ikastetxeetara itzuli gara. Ikasturte berrirako edukiak prestatu, lankide ezagunak agurtu, berriak ezagutu, ikastetxeak antolatu eta ikasleei ongi etorria egin diegu. Pixkanaka, eguneroko egitekoetan murgilduko gara.
Bitartean, Hezkuntza Sailak ikasturte hasierako propagandarako makinaria martxan jarri du, gabeziak ezkutatu eta asmo onak saltzeko. Titularrak eta iragarpen handiak entzungo ditugu, baina ikastetxeetako eguneroko errealitateak beste zerbait erakutsiko digu. Hezkuntza Sailburuak etengabe hitz egiten du hobekuntzez, jadanik egiten dena ona izango ez balitz bezala. Hobetzeko nahia interesgarria izan daiteke, baina Hezkuntza Sailak ere badu zer hobetu, autokritika falta zaio egiten dituen adierazpen guztietan eta ondorioz, azaldutakoak hitz hutsalen itxura hartzen du.
Ikasturtea hasteko Amurrion egindako ekitaldian, Begoña Pedrosak Hezkuntza Sailak erronka bezala identifikatzen dituen arloak zeintzuk diren azpimarratu du. Horien artean, konpetentziak, bizikidetza eta ongizatea, ingurune digitalaren erabilera, ikastetxe bakoitzari lotua dagoen laguntza eta euskara zehaztu ditu.
Hizkuntza Kudeatzailearen figura hainbat ikastetxeetara zabaldu dela adierazi du ere azken egunetan eta Hizkuntzak Ikasteko Institutuarekiko duen lotura. Ahaztu zaio aipatzea IRALE programak ehunka irakasleri euskara eta euskal kulturaren inguruan formatzeko ematen zien aukera desagerrarazi dutela haien aldebakarreko ekimenez eta langileon aurkakotasunarekin. Propagandak ez du etenik izan, antza, DBHko berrikuntza Hezi+ programan ezarrita etorriko da. Ahaztu zaio jadanik bazela parekoa zen programa bat, Hedatze deiturikoa, eta Hezi+en ezarpenak irakasleen artean sortu zuen aurkakotasun nabarmena, lan akordioan ezartzen zen ordu banaketa urratzen duelako.
Era berean, ez die erreferentziarik egin ikasturte amaieran harrabotsa sortu zuten USaPeko euskara azterketan izan ziren eta ikastetxe zehatzetan pilatu ziren emaitza kaxkar batzuei. Bestalde, agerian geratu da itundutako hainbat eskolek ez dituztela arduraz formatzen eta ebaluatzen haien ikasleak eta diruaren truke hainbat kalifikazio handitzen dituztela. Agian itunak errebisatzeko garaia heldu da, baina ezinezkoa egiten zaie onartzea.
Horrez gain, ikasturtea ISEI-IVEIk egindako ebaluazio diagnostikoaren emaitzen interpretazioarekin hasi dugu, eta PISA emaitzak ere argitaratu dira. Aurreko astean Begoña Pedrosak, Lucia Torrealdayk eta Junkal Gutiérrezek emaitzak azaltzeko eskainitako prentsaurrekoan, ebaluaturiko alderdi ezberdinetan hobekuntzak eman direla zioten, 2024ko emaitzekin konparatuz:
DBHko 4. mailan sare publikoaren emaitzek hobera egin dute, eta itunpeko sarearekiko aldea murriztu egin da. Era berean, emaitzek erakusten dute oraindik ere desberdintasunak daudela testuinguru sozioekonomikoari, hezkuntza-ibilbideari eta ikasleen beste ezaugarri batzuei lotuta. Haien esanetan, azken ikasturteetan ikaskuntzak hobetzeko hainbat neurri eta laguntza indartu dituzte eta ondorioztatu dezakete, beraz, aurrerapenak non gertatzen ari diren eta etorkizuneko erabakiak nora bideratu. Indartu beharreko alderdientzat proiektuak eta estrategiak sortzea aipatu zuten, baina badakigu horrek zer ekartzen duen langileontzat; hauen garapena klaustroaren menpe geratzen da eta jadanik lanez lepo dagoen lan taldea are gehiago itotzen du.
PISAri dagokionez, uste dugu horrelako ebaluazio estandarizatuak ez direla hezkuntza sistemaren kalitatea neurtzeko adierazle egokiak. Emaitzek baino gehiago kezkatzen gaitu hezkuntza kalitateak, eta hori ikasleen garapen integrala kontuan hartuta ebaluatu behar dira, ez soilik hiru konpetentzia neurtuta. Gainera, PISAren emaitzek ikastetxeen arteko rankingak sortzen dituzte, eta horiek ez diote mesederik egiten hezkuntza publikoari: lehia sustatzen dute eta ez dute behar bezala kontuan hartzen ikastetxe bakoitzaren testuingurua eta aniztasuna.
Pedrosaren ustez, Hezkuntza Sistemak jendartean ematen diren aldaketak eusten ditu eta beraz, luparekin begiratzen jarraitu behar da non aurrera joan eta non hobetu. Hezkuntza sistearen parte garenon borondatea argia da eta asko dakigu honetaz, ondo legoke noizbehinka eusten ari garen hauen hitza eta beharrak entzungo balitu. Argi daukagu ikastetxeetan bizi dugun errealitateari erantzungo dioten benetako baliabide pertsonal eta materialak behar ditugula.
Aipatzekoa da ere EAEn, Eskola Bikaina Denontzat izeneko mahaiak ez duela eman espero zen emaitzarik, jakina zen bezala. STEILASek hasieratik erabaki zuen gune horretan parte ez hartzea, eta denborak arrazoia eman digu: segregazioaren aurkako politika kolektiboki eraikitzeko tresna izan beharrean, propagandarako titularretan geratu da. Hezkuntza sistema publiko inklusibo eta kohesionatu bat eraikitzeko, ordea, askoz gehiago behar da.
Negoziazio kolektiboari dagokionez, EAEn Hezkuntza Sailak pasa den ikasturtean erakutsitako jarrera salatu genuen behin eta berriz. Negoziazio kolektiboaren oinarriak ahuldu eta langileen eskubideen aurkako etengabeko jarrera izan du. Langileen eskubideekin eta lanbaldintzekin lotutako hainbat auzitan, Hezkuntza Sailak ez ditu langileen ordezkariek defendatutako irizpideak ezta akordioetan jasotako konpromisoak errespetatu.
Ikasturte berrian, arazo zaharrek hor jarraitzen dute: lan zama gero eta handiagoak, baliabide urriak, ordezkapenen kudeaketa murriztailea, behin-behinekotasuna, aniztasunari erantzuteko zailtasunak eta ikastetxeetako langileen gain uzten diren gero eta ardura gehiago. Propaganda ez da nahikoa. Hezkuntza komunitateak baliabideak, langileen eskubideen errespetua, sinatutakoa betetzea eta benetako negoziazioa behar ditu.
Begoña Pedrosa sailburuak pasa den ikasturtean iragarritako ikastetxe publikoen fusio eta itxierak norabide berean doaz. Jaiotza tasaren jaitsiera aitzaki hartuta, Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoa ahultzeko eta azken hamarkadetako hezkuntza politika pribatizatzaileei jarraipena emateko hautua egin du. Sare publikoa eta pribatua maila berean jartzeak ez du hezkuntza sistema kohesionatuagoa egiten; aitzitik, dagoeneko baden segregazioa areagotzeko arriskua dakar.
Hezkuntza Sailak benetako negoziazioaren aldeko apustua egin behar du: langileen ordezkariekin hitzartutako irtenbideak bilatuz eta aldebakarreko erabakiak alde batera utziz. Elkarrizketa soziala ez da tramite hutsa. Lan harremanak eraikitzeko eta hezkuntza sistema publikoa indartzeko tresna nagusia izan behar du.
Horregatik, ikasturte honetan ere borrokan jarraituko dugu. Hezkuntza Sailarekin akordio sendoak bilatzeko eta hitzartutakoak behar bezala bete ditzaten. Ikasturte berria bai, baina zaharrak berri ez. Sinatutako akordioak bete egin behar dira. Negoziatutakoa errespetatu behar da. Hori da kalitatezko hezkuntza publikoaren eta lan harreman osasuntsuen oinarri nagusia.
Leave A Comment