2025ean egindako PISA probaren emaitzak argitaratu dira ikasturte berriarekin batera. 2022an Euskal Autonomia Erkidegoak inoiz ikusitako emaitzarik kaskarrenak jaso ostean, Hezkuntza Saila sailkapen postua hobetzen saiatu da, baina emaitzak okertu dira. Nafarroa Garaian ere emaitzek behera egin dute.
Hedabide desberdinetan entzun ditugu analista zein iritzi emaile ezberdinen adierazpenak, gure lurraldea beste herrialde batzuekin alderatuz, sarri azaleko azterketak eginez. Beraz, txosten horretako emaitzak mediatizatu egiten dira, entretenimendurako eduki bihurtuz. Era berean, lagunartean ere ez da beste ezertaz hitz egiten, denok bihurtu gara hezkuntza aditu eta ardurak gauza bati eta besteari egotzi dizkiogu. Baliabideen eta baldintzen inguruko benetako eztabaida izatetik urruntzea lortzen dute horrelako argitalpenek eta hezkuntza komunitatearentzat emaitzek ez dute datu erabilgarri handirik ematen, hau da, ez du balio pedagogiko handirik lanean dabiltzan profesionalentzat. Hala ere, aurten txostenak aldaketa batzuk ekarri ditu arlo honetan, batez ere arlo digitalaren inguruan egiten den analisian. Beraz, sailkapeneko postutik haratago, proba bera eta froga antolatzen duen erakundea aztertu beharko lirateke, baita honen inguruan Sailak eta Departamentuak hartzen dituzten jarrerak ere.
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea (ELGA) da PISA (Programme for International Student Assesment) proba egiten duen erakundea. ELGA politika neoliberal basatiak sustatzen dituen erakundea da eta bere kide dira munduko herrialde aberatsenak. Horrela, PISAren atzean dagoen ikuspegia munduko elite ekonomiko eta politikoaren nazioz haraindiko estrategiaren parte da. Ez dugu ahaztu behar gaitasunetan oinarritutako hezkuntza sistema ELGAk berak sustatu duela, eta gogotsu bultzatu duela gure ikastetxeetako digitalizazio prozesua eta digitalismoa.
PISA laginketan oinarritutako proba da eta 15 urteko ikasleen gaitasunak ebaluatzen ditu matematika, zientzia eta irakurketari dagokionez. Garrantzitsua iruditzen zaigu testuinguruan jartzea; 2009an jaiotako ikasleak direla PISAko probetan parte hartu dutenak. Ikasle horiek 2012. urtean eskolaratu ziren, Mariano Rajoyk, Errege Dekretu bidez, Hezkuntzan murrizketa gogorrak indarrean jarri zituen garaian. Horrek esan nahi du, irakasle gutxiago zeuden garai batean integratu zirela hezkuntzan, ratioek gora egin zutenean eta irakasleon lan baldintzak asko kaskartu zirenean. Horri jarraiki, 2022ko edizioko emaitzak ikusita, eta akaso beldurraren eraginez, lagina nabarmen txikiagotu dute. EAEko gaztee lagin gero eta txikiago bati erantzuten diote. Lagin zabalago batek hobeto islatuko luke gure errealitate gero eta konplexuagoa.
Garai berean, 2012an, ELGAk bultzatutako politika neoliberaren ardatzei jarraiki, Europar Batasunak estatu kideei aholkatu zien gaitasunetan oinarritutako hezkuntza planak ezar zitzaten, argudiatuz lan munduko prestakuntza hobe baterako bidea zela. Bide batez, digitalizazio planak martxan jarri zituen, eta Hezkuntza Sailek Chromebookez eta arbela digitalez hornitu zituzten gure eskolak, joera pedagogista hutsalak sustatu eta multinazional digitalentzako datu mehatzgintza ahalbidetu zuen, hainbat softwaren erabilera inposatuz.
Gauzak horrela, ikasleen gaitasunak hiru esparrutan soilik ebaluatzeak dakar hainbat alderdi eta balore kontuan ez hartzea. PISAk sailkatzen dituen herrialdeen hurrenkerak ez dio inongo arretarik jartzen ez estatu bakoitzaren testuinguru, ezaugarri edo ibilbideari. Kapitalismoarentzako herrien izaerak ez du lekurik baldin eta errentagarria ez bada. Kapitalismoak errendimentua behar du,ez hausnarketa.
Gure ustez, hezkuntza sistemak PISA proba erabiltzen du kontrol eta homogeneizazio tresna gisa. Ebaluazio tresna honen eragile ELGAk jomugan du mundu global eta neoliberal baterako langile mota desberdinak definitzea hezkuntzaz baliatuz. Erakunde honentzako hezkuntza ez da hitzaurretan adierazi ohi dituen izpiritu kritiko, oinarrizko eskubide unibertsal eta partaidetza aktibo baterako bidea. Hala, ikastetxe segregatzaileak ontzat ematen ditu, mailakatze soziala hezkuntzak berak planifika dezakeelako.
Fokua ez dugu PISA proban jarri nahi. Ikasturte hasiera honetan Ebaluazio Diagnostikoan egoerak hobera egin zuela aipatu zuen Sailburuak, PISAk kontrakoa adierazten duen arren. Etengabe hobekuntza hitza darabilte ahoan; lehentasunen artean irakurmena, matematika eta zientzietako gaitasunak hobetzea eta diagnostiko, jarraipen eta ebaluazio prozesuak indartzea ditu helburu. Pedrosa Sailburuak ikasturte berriaren aurkezpenean, gainera, pentsamendu kritikoa lantzeko beharra azpimarratu du, baita pantailen erabilerak sortzen dituzten erronkei aurre egitekoa ere. Horrek galdera bat mahai gainean jartzen du: zer ulertzen dugu hezkuntza hobekuntzatzat, eta zer egiten dugu hobekuntza hori bermatzeko?
Torrealday sailburuordeak, jarraipen eta ebaluazio prozesuak ikasturtean zehar luzatuko direla eta ikastetxeetan erabaki zehatzak hartzeko erabiliko direla iragarri du. STEILASen ustez, ordea, arriskua da ebaluazioa eta datuen erabilera hezkuntza politikaren ardatz bihurtzea, hezkuntza sistemaren benetako beharrak eta baliabide falta bigarren mailan utzita.
Ebaluatzea beharrezkoa izan daiteke, baina ebaluazioak ez du berez hezkuntza hobetzen. Segregazioa ezin da erabili ondorio partzialak ateratzeko, berriki Gimeno kontseilari nafarrak egin bezala. Etorkinei eta hauen seme-alabei leporatu die, beste faktore batzuen artean, emaitzen kaskartzea. STEILASek gogor salatzen du Gimenoren zabarkeria, bera izan baita murrizketak ezarri dizkiena landa eremuko ikastetxeei hauen puskak matrikula bizi gehien jasotzen duten ikastetxeetan banatzeko. Ezer gehiago, jakinik urtero 3.500 ikasle inguru matrikulatzen direla Nafarroa Garaian epez kanpo.
Gero eta ahots gehiagok defendatzen dute ebaluazioaren ikuspegi alternatiboa. STEILAS sindikatuak, besteak beste, ebaluazio jarraia eta ikasle bakoitzaren arreta zuzena jartzen ditu erdigunean. Izan ere, benetako hobekuntza ez da etorriko neurketa estatistiko gehiago egitetik, baliabide pertsonal eta material gehiago ezartzetik baizik: besteak beste; ratioak jaistea, irakasle eta hezkuntza langile gehiago, laguntza espezializatua indartzea, osasungintzako profesionalak eskoletan bermatzea eta ikastetxeek autonomia pedagogiko handiagoa izatea. Finean, baliabide gehiago, lan baldintza duinak eta irakasleon seinalazio gutxiago. Hemen jarri beharko litzateke foko mediatikoa.
Ondorioz, galdera nagusia ez da emaitzek gora edo behera egin duten, baizik eta zer neurtzen ari garen eta zertarako. Ebaluazioa tresna baliagarria da baldin eta konponbideak jartzeko balio badu. Hezkuntzaren kalitatea ezin da erabili errealitatea mozorrotzeko. Hezkuntza ez da rankingetan lehiatzeko tresna bat baizik eta oinarrizko eskubidea, eta ezinbestekoa kohesio sozialerako.
Leave A Comment