PSNk bazekien eskola jardunaldien foru agindua egin zuenean LOMLOE urratzen ari zela eta familien kontsultan eskatutako ehunekoak guztiz antidemokratikoak zirela. Dena den, aurrera jarraitu zuen. Foru agindu horren aurka mobilizazio ugari egon ziren Nafarroa Garai guztian eta Departamentuak ez zituen aintzat hartu familien eta gehiengo sindikalaren ekarpenak.
Erabaki hori hartu zen testuinguru politiko jakin batean: politika neoliberalak eta murriztaileak sustatzen dituen Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak, ELGAk (OCDEk) gomendatu zion estatu espainarrari jardunaldi zatitua ezartzea ikastetxe guztietan, ustez, ikasleen “errendimendua” hobetzeko. ELGAk berak PISA probak antolatzen ditu eta dakigunez proba horien emaitzen bidez baldintzatu nahi dira erakundearen barrenean dauden estatuen hizkuntza politikak.
Ildo horretan, PSOEk aurkeztu zuen proposamen bat Madrilgo Asanbladan Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak 7:00etatik 19:00etara irekitzeko. Familiek kontziliatzeko denbora gehiago izan beharrean, ikastetxeen ordutegia zabaldu behar zen lan esplotazioa eta enplegu-aniztasuna errazteko.
Gainera, PSNren deliberoak ez zuen kontuan hartu Nafarroa Garaian bermatua zegoela ikasleen arreta 16:30ak arte; beraz, eskola batean jardunaldi jarraia egonez gero, familek jaso ditzakete haien seme-alabak 14:00etan, 15:30etan edo 16:30etan, ikastetxeak eskainitako eskolaz kanpoko jarduerak bukatu ondoren.
Egoera horren aurrean STEILASek helegitea jarri zion eskola jardunaldien foru aginduari eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion. Geroago, Espainiako Auzitegi Gorenak epaia berretsi zuen. Azkenean, Hezkuntza Departamentuak aldatu behar izan du foru agindua eta STEILASek honakoak eskatu ditu Gardentasunaren Atarian, Hezkuntza Publikoaren mahai sektorialean eta Nafarroako Eskola Kontseiluan:
• Ikasleak arratsaldez artatzeko antolatutako eskolaz kanpoko jardueretan irakasleek emandako orduak irakaskuntza zuzenekoak izateko. Ez da bidezkoa eskola jarduera horiek ordu osagarriekin betetzea eta irakasleen gainzama handitzea.
• Eskolaz kanpoko jardueren plangintza integrala: ikastetxeetan garatutako jarduera guztiak doakoak izan beharko lirateke. Horretarako ezinbestekoa da udalen eta Nafarroako Gobernuaren lankidetza.
• Lehengo baldintza antidemokratikoak direla eta, jardunaldi aldaketa egiteko prozeduratik kanpo gelditu ziren eskolak berriz ere aukera edukitzea 2026-27 ikasturtean prozesuari berrekiteko.
• Eskola garraioa partekatzen duten eskoletan, aukera gehiago ematea. Nafarroa Garaian garraio publikoak gabezia nabarmenak ditu eta ezinbestekoa da zerbitzuaren kalitatea hobetzea. Garraio enpresa publikoa sortuz gero, arazo gutxiago sortuko lirateke, anbulentziekin egin den bezala.
Nafarroako aurrekontu orokorren legetasmoa oraindik ez da joan Parlamentura. Garaiz gaude Hezkuntza Publikoak behar duen inbertsioa egiteko. Bete dezatela behingoz gobernuaren programa akordioa eta inbertitu dezatela Barne Produktu Gordinaren % 5 Hezkuntza Publikoan.
Leave A Comment