Nafarroako Parlamentuak erabaki du izapidetzea ratioak jaisteko herri ekimen legegilea. Nafarroako Gobernuak adierazi du ratio jaitsiereran kostua 193 milioi eurokoa izanen litzatekeela. Indar politiko guztiek izapidetzea onetsi dute, batek izan ezik: PSNk. Alderdi horrek esan du nahiago dutela diru hori erabili putre funtsen etxebizitzak erosten edo desjabetzen, alokairu merkeak gazteei eskaintzeko, baina denok dakigu zein izan den PSOEren etxebizitza politika 2018tik: etxebizitza publiko berririk apenas sortzea eta espekulazioa erraztea, populazioa etengabe hazten ari denean. Gainera, 2027ko aurrekontuei buruzko lege-proiektuan Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken Departamentuan aurrekontua % 2,4 besterik ez da igoko, are gehiago aintzat hartuta 2026ko abuztuan inflazioa % 4,2an jarri dela.
PSNren eledunak ere esan zuen haientzat hezkuntza publikoa lehentasuna dela, baina Nafarroa Garaian Hezkuntzan egindako inbertsioak ez du adierazpen hori berresten. 2019an eta 2023an PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek sinatutako programa akordioan konpromisoa hartu zuten Barne Produktu Gordinaren (BPGren) % 5 hezkuntzan inbertitzeko. Konpromiso hori agertzen da LOMLOEn. Hala ere, Nafarroa Garaia urruti dago ehuneko horretatik: 2026an % 3,76an kokatu da eta inbertsia gutxitxo igo da azken urteotan. Jarraian dituzue beste datu batzuk ere ehunekoak testuinguruan jartzeko eta Nafarroako Gobernuaren grafika manipulatzailea:
Estatu espainarreko BPGaren batez bestekoa % 4,1 koa da; Portugalgoa % 4,7; Europar Batasuneko batez bestekoa %4,8; Estatu frantsesekoa % 5.4; UNESCOk gomendatutako gutxienekoa % 6ean kokatzen da; eta, Danimarkak BPGaren % 6,9 bideratzen du hezkuntzara. Gainera, kontuan hartu behar da, Europan, orohar, Hezkuntza Publikoa dela eredu nagusia eta pribatizazioa hemen baino askoz ere baxuagoa dela.
Nafarroa Garaian BPGren aurreikuspenak dio 29.338 milioi eurokoa izanen dela. Hala balitz, BPG horren % 5, programa akordioak xedatzen duena betetzeko, 1467 milioi euro dira. Berriki jakin dugu 2027an Hezkuntzako aurrekontua % 5,8 igoko dela, nahiz eta aurrekontua batez beste % 8,4 igoko den. Hau da, hezkuntzan BPGren % 5 inbertituko balitz, 341 milioi euro gehiago egonen lirateke; beraz posible litzateke ratioak jaistea (193 milioi) eta, 148 milioi gehiago geldituko lirateke obrak egiteko eta irakasleek galdutako erosahalmena berreskuratzeko.
Bestalde, 2027an Nafarroa Garaiak estatuari 996,1milioi euro emanen dizkio. Horrekin finantzatzen dira gastu militarra, 2025an % 46 handitu dena, eta zenbait azpiegitura erraldoiak eta txikitzaileak: Abiadura Handiko Trena eta Esako urtegiaren handitzea. Era berean, Nafarroa Garaian, Hego Euskal Herriko gainontzeko herrialdeetan bezala, Europako polizia ratiorik altuena dugu, 7 polizia 1.000 biztanleko, estatuko eta Europako batez bestekoa 3,3koa denean. Beraz, badago non aurreztu hezkuntzan gehiago inbertitzeko. Horretarako borondate politikoa behar da.


Leave A Comment