Inoiz baino zer esan handiagoa ematen ari da aurtengo unibertsitateko kurtso irekiera, eta ez da gutxiagorako. Pradales lehendakariak Deustuko kurtso irekieran egotea erabaki du, EHUkoan egon ordez. Historian lehen aldiz Lehendakaritzak sistema errotatiboa ezartzea erabaki du, eta, ondorioz, urtero txandakatuko du ikasturte irekieran lehendakariaren presentzia EHU, Deustu eta Mondragonen artean. Hautu honek unibertsitate publikoa eta pribatuak maila berean jartzen ditu eta hori oso larria da.
STEILASek irmo gaitzesten du Pradalesen gobernua hartzen ari den norabidea unibertsitate politiketan. EHUren baliabideak ez dira nahikoak, unibertsitateko langileen lan-baldintza duinak bermatzeko, gizartearen beharrei erantzun egokia emateko eta unibertsitatearen oinarrizko funtzioak, hau da, irakaskuntza, ikerketa eta zerbitzu publikoa, behar bezala garatzeko.
Aldi berean, hor daude unibertsitate pribatuei egindako lurzoruen lagapenak, EUNEIZi ikasturte honetan emandako erizaintzako graduko 60 plazak eta lege aurreproiektu berrian agerian geratzen ari den balditzen malgutzea edo USaPeko aferan Hezkuntza Sailak izandako jarrera onartezina, unibertsitate eta hezkuntza publikoko irakasleen lana ezbaian jarriz.
STEILASetik EHU publiko, euskaldun eta baliabide askiko bat defendatzen jarraituko dugu, baita langile guztientzako lan-baldintza duinak ere.
Leave A Comment