Duela bi ikasturte, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza itun bat sinatu zuen ANPE, AFAPNA eta UGT sindikatuekin batera. Irakasleen gehiengoa ordezkatzen dugun sindikatuok -STEILAS, LAB, CCOO, ELA-, ordea, ez sinatzea erabaki genuen.

Ez genuen sinatu, jasotako neurriak eskasak zirelako Nafarroako hezkuntza publikoaren egiturazko arazoei aurre egiteko. Baita murrizketak jasotzen zituelako ere. Esanguratsuena, ikasle errepikatzaileak ratioak kalkulatzeko garaian aintzat ez hartzea. Paperean, haur eta lehen hezkuntzako gehieneko ratioak murriztu ziren, baina honek ez du ikasgeletako ikasle kopurua gutxiagotzea bermatu, errepikatzaile kopuruak lehen baino ratio altuagoak izateko aukera ematen baitu.

Oso larria da Hezkuntza Departamentuak eta hiru sindikatuk ikasle errepikatzaileak kontuan hartuko ez dituen ratio jaitsiera bat onartu eta itun batean sinatu izana. Neurri honek ez dio inori mesederik egiten. Errealitatean, kaltegarria izateaz gain, irakasle kopurua eta, beraz, gastu ekonomikoa murriztea baino ez du ahalbidetzen. Honek erakusten du, gure ustez, ez dagoela sinatzaileen aldetik benetako konpromisorik lan baldintzak eta hezkuntza publikoa hobetzeko.

Orain, ANPEk, AFAPNAk eta UGTk itunaren jarraipen batzordearen bilera bat eskatu dute, hain zuzen ere errepikatzaileen puntua ezabatu nahi dutelako, itsu-itsuan sinatu eta indartsu zeuden irakasleen mobilizazioak kolpetik moztu ondoren. Departamentuak proposamena onartuko balu, albiste ona izango litzateke, baina ez dugu irakasleen gehiengoaren aldarrikapenak jasotzen ez dituen ituna zurituko.

Gehiengoa osatzen dugun STEILAS, LAB, CCOO eta ELA sindikatuok, egungo ituna salatzeaz gain, irakasleak entzun, batzarrak egin eta proposamen berria ekarri dugu gaurko jarraipen batzordera. Duela bi ikasturte sortu genuen “Nafarroako hezkuntza publikoak behar duen ituna” eguneratu dugu.

Bertan jaso ditugu errepikatzaileak kontuan hartuko dituen ratio jaitsierak, despopulazioari aurre egin eta landa eremuko ikastetxeak indartzeko neurriak, lan gainzama arintzeko iradokizunak, ordezkoen baldintzak hobetzeko proposamenak, deskonexio digitala, egonkortasuna bermatzeko aukerak, erosahalmena berreskuratzeko kalkulu zehatzak, erretiroa gauzatzeko bidea, lan osasuna zaintzeko proposamenak eta egun bizi dugun klima larrialdiari aurre egiteko neurriak.

Hezkuntza publikoraren eta irakasleen lan baldintzen benetako arazoei eta beharrei aurre egin nahi diegu. Horregatik mahaigaineratu nahi dugu ikastetxeetatik sortutako eta gehiengo sindikalak babestutako alternatiba. Bertan jasotako hobekuntzak negoziatzeko eskaera egiten dugu. Mobilizazioei esker lortu zen aurreko itunaren negoziazioa abian jartzea eta gehiengo sindikala, irakasleekin batera, prest dago bide hori berriz ere jorratzeko. Esku artean dugun itunak neurri progresiboak proposatzen ditu eta oraindik aukera dago hurrengo aurrekontuetan diru partidak negoziatzeko eta hobekuntza horiek abian jartzeko.