Gaur ikasturteko lehen mahai sektoriala izan dugu Lakuan. Beste behin ere, Hezkuntza Sailaren seriotasun falta nabarmena salatu nahi dugu. Aldez aurretik lantzeko zirriborroak berandu bidali zituzten, eta dokumentazioaren euskarazko bertsioa bi egun lehenago jaso genuen. Horrez gain, gai-ordenean azalduta zegoen Hezilab-eri dagokionez, ez dugu aginduaren zirriborrorik jaso ere egin. Hezkuntza Sailari argi adierazi diogu ez dela onargarria horrelako epeekin lan egitea, ezta lana behar bezala prestatu eta garatzeko aukerarik ez ematea ere.
Horrez gain, bidalitako gai zerrenda orokorregia zen eta, gure ekarpenak behar bezala jaso ahal izateko, “norberak lekarkeen” puntua berreskuratu eta zehazteko eskatu behar izan diegu. Mahai sektorial bat administrazio publikoko eta sindikatuetako ordezkariek osatutako negoziazio- eta elkarrizketa-organo parekide bat da, funtzio publikoko sektore espezifiko baten lan-baldintzak eta baldintza profesionalak lantzeko sortua. Negoziazioa informazio trasbase hutsa izatea nahi dute baina ez diegu onartuko. Horren adibide dira, Hezkuntza Sailak iaz aldebakarrez sortutako Hezilab eta Bizilab zentroak.
Argi geratu denez, ez dira gai izan lanpostu horiek modu egokian betetzeko eta ezjakintasuna nabarmena da. Horregatik, haiek emandako gai ordenaz gain, langileek helarazitako kezka eta zalantzak ere mahaigaineratu ditugu. Gehienetan, ez dira gure galderei erantzuteko gai izan, hala ere, honakoa argitu digute:
Puntuazio bikoitza. Irizpideak argitaratzeko konpromisoa hartu dute.
Jardun murriztuen osaketa espezialitate berdinak izatera ez mugatzea onartu dute.
Udako kobraketaren harira, adi egon: ofizioz emandako esleipenei uko egitea ahalbidetzen bada ere, horrek udako kobrantzan eragina izango duela adierazi dute.
EHI irakasleen kasuan, zerbitzu eginkizun fiktizioan daudenek ez dute LAL prozesuan parte hartu beharko, berratxikipen prozesuan baizik.
LAL deialdia azaroaren 4an izango da eta eskabideak azaroaren 5etik 26ra bitartean.
Horrez gain, STEILASek zoritxarrez klasiko bat bihurtu den ikasturte hasieran egondako kudeaketa kaxkarra salatu du, baita horrek eragindako baliabide falta. Lurralde Hezkuntza Ordezkaritzen arteko irizpideen aplikazio ezberdintasuna eta koordinazio faltaz ere galdegin diegu, baita langileekiko komunikazio bide eta arreta ezaz ere. Eta beste behin ere, akordioaren ez betetzeak azaleratu ditugu, besteak beste, Hezi+ programetan 17 irakastordutik gora egotea eta ikasturte hasierako ebazpenetan ikastetxean egon beharreko orduak gainditzea.
Leave A Comment