Ikasle errepikatzaileei buruzko neurria kentzea positiboa dela uste dugu, baina itunaren edozein aldaketa negoziatzeko eta irakasleek egiteko dituzten aldarrikapenei heltzeko foroa Mahai Sektoriala dela deritzogu .

STEILAS, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek salatu egiten dugu Hezkuntza Departamentuak nola planteatu duen ANPEk, AFAPNAk eta UGTk 2025ean gutxiengo sindikalarekin sinatutako hezkuntza-itunaren jarraipenerako azken bilera.

Joan den astean, Departamentuak itunaren jarraipena egiteko bilera batera deitu zituen sindikatuak. Hala ere, erakunde sinatzaileekin aldez aurretik itxita zegoen erabaki batekin topo egin genuen: Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasle errepikatzaileak ratiorako aintzat hartzen ez dituen neurria kentzea.

Argi utzi nahi dugu puntu hori kentzea mesedegarria iruditzen zaigula. Ez gatoz bat, ordea, gai hori egungo hezkuntza-eztabaidaren ardatz gisa aurkeztearekin. Arazoa da, Departamentua itunaren neurri zehatz bat aldatzen ari den bitartean, irakasleei eta hezkuntza publikoaren kalitateari zuzenean eragiten dieten funtsezko aldarrikapen askori heldu gabe jarraitzen duela.

Ildo horretan, langileriaren zuzendari nagusiak adierazi zigun garaiz eta behar bezala egin genitzakeela ekarpenak ituna aldatzeko. Hala egin genuen, eta erantzun ziguten gure proposamenak ez zirela bileran aintzat hartuko, eta ez zela datarik ematen eztabaidatzeko.

Itunaren edukiaren aldaketa bat posta elektronikoz idatzizko eskaera baten bidez planteatu eta onar badaiteke, eta, ondoren, Jarraipen Batzordeari helarazi eta berehala bozkatu badaiteke, irizpide bera egon behar da sinatzen ez duten erakunde sindikal guztientzat.

Maniobra horrek agerian uzten du zein sindikatu nahiago dituen Hezkuntza Departamenuak bere politikak aurrera eramateko: irakasleen aldarrikapen nagusiei muzin egiteko prest daudenak, hain zuzen ere. ANPEk, AFAPNAk eta UGTk ez diote Departamentuari aurre egiten, eta erabakitzen uzten diote zein gai jorratzen den eta zeintzuk ez, irakasleen lan-baldintzei benetan eragiten dieten arazoei buruzko negoziazioa eskatu beharrean.

Ratioak murriztea, irakastorduak gutxitzea, lan-baldintzak hobetzea, plantillen egonkortasuna, aniztasunarekiko arreta, burokrazia murriztea eta erosteko ahalmena berreskuratzea, besteak beste, erantzunak eta negoziazioa behar dituzten gaiak dira.

Departamentuak uste badu itunaren neurri bat aldatu egin behar dela, gai hori Hezkuntzako Mahai Sektorialera eraman behar du, hori baita dagokion negoziazio-espazioa. Eta, era berean, espazio hori baliatu behar da irakasleek planteatzen dituzten aldarrikapenei heltzeko.

Sindikatuok, STEILAS, LAB, CCOO eta ELA, ostegun honetan bertan eseriko gara berriro mahai sektorialean, negoziazio-espazioak baliaraziz. Era berean, Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu ordezkaritza-espazioak errespetatzeko, eta benetako negoziazio-prozesua irekitzeko, irakasleen lan-baldintzak eta hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko egiteke dauden aldarrikapenei ekiteko.