Euskal Herrian bizi dugun etxebizitza larrialdia ez da ezerezetik sortu. Hamarkadetan etxebizitza eskubide unibertsal gisa bermatu beharrean, merkantzia, inbertsio eta errentagarritasun iturri gisa tratatu duten politika publikoen ondorioa da. Urteetan zehar egon diren gobernu desberdinek bultzatu dituzte etxebizitzaren negozio politikak. 1985ean, Felipe Gonzalezen PSOEk onartu zuen Boyer Dekretua. Dekretu horrek alokairu kontratu berrien derrigorrezko luzapena ezabatu zuen. Ondorioz, ezegonkortasuna eta kontratuen behin-behinekotasuna areagotu eta alokairuen prezioek gora egin zuten.
2013an, PPren Gobernuak logika horretan sakondu eta alokairuen gutxieneko iraupena bost urtetik hirura murriztu zuen, eskaintza handitzeko eta etxebizitza eskuratzeko aukera hobetzeko irtenbide gisa saldu zuten neurria. Alabaina, 2008ko krisialditik, 170.000 etxegabetze exekutatu dira estatuan. EAEn, 2,6 etxegabetze gauzatzen dituzte egunero. Nafarroa Garaian etxegabetze bat bi egunetik behin. Exekuzioak polizien bidez egiten dituzte, baina bizitoki alternatibarik eskaini gabe.
Eskuina zein ezkerra, gobernuan egon diren heinean, dira egun bizi dugun larrialdi egoeraren arduradun, une eta testuinguru desberdinetan hartutako erabakiek etxebizitza gure garaiko negozio handienetako batean bilakatu baitute. Eta negozio horretan, gero eta protagonismo handiagoa hartu dute inbertsio funts putreek.
Egoera honetan, kolektibo zaurgarrienak dira kaltetuenak: emakumeak*, guraso bakarreko familiak, gazteak, pentsiodunak, pertsona migratuak, enplegu prekarioak eta diru sarrera ezegonkorrak dituztenak, besteak beste. Modu honetan, desberdintasun sozial eta ekonomikoak nabarmen areagotu dira. Egun, enplegu bat izateak ez du bizitza proiektu autonomo eta duin bat garatzea ahalbidetzen.
Hezkuntzako sindikatua izateaz gain, klaseko sindikatua ere bagara; horregatik, gure erantzukizuna ez da irakasleen lan baldintzetara mugatzen. Familien egoera ekonomikoak, etxebizitzaren baldintzek, zaintza sistemek eta lan prekarietateak zuzenean eragiten dute ikasleen ongizatean, aukeretan eta hezkuntza prozesuan. Beraz, ezin dugu kalitatezko hezkuntza publikoaz hitz egin familiek eta irakasleek oinarrizko eskubideak bermatuta ez dituztenean. Horregatik, etxebizitza eskubidearen aldeko borroka ere kohesio sozialaren, berdintasunaren eta hezkuntza publikoaren aldeko borroka da.
Greba orokor honek, etxebizitzaz gain, beste hainbat auzi sozial ere jartzen ditu mahai gainean, bereziki: zerbitzu publikoen gainbehera; erosahalmenaren galera eta bizitzaren garestitzea; lan baldintzen prekarietatea; aberastasunaren banaketa desorekatua; faxismoa, arrazakeria eta eskuinaren gorakada.
Azaroaren 11n, etxebizitzaren egoera errotik aldatzeko politika publiko ausartak eta bermeak exijitzera aterako da STEILAS: etxebizitzak merkatuaren logikatik kanpo; alokairuko etxebizitza parke publiko zabala, iraunkorra eta espekulaziorik gabea; hutsik dauden etxebizitzak betetzeko eta egoera kaskarrean daudenak birgaitzeko neurriak; alokairuen prezioei muga eraginkorrak; eta ohiko etxebizitzak turismora bideratzeko eragozpenak. Finean, etxebizitza publikoaren pribatizazioari eta salmentari amaiera ematea. Funts putreek ez lukete etxebizitzaren alorrean zer eginik izan beharko. Etxebizitza ezin da enpresa edo norberaren errentagarritasuna handitzeko bidea izan, pertsonak bizi diren lekua da. Horregatik haien espekulazioarekin amaitzeko eta etxebizitzaren metaketa pribatua eragozteko nurriak exijitzen ditugu.
Iragan martxoan Hego Euskal Herrirako lanbide arteko gutxieneko soldata igotzearen aldeko borrokari jarraipena emanen diogu. Hemen baditugu bestelako etxebizitza politikak garatzeko eskumenak eta baliabideak, eta horiek baliatzeko exijituko dugu, hemen eta orain.
Etxebizitza ez da negozioa. Duintasunez bizitzea eskubidea da. Eta hori defendatzea, borroka soziala eta sindikala. STEILAS sindikatuko organo erabakikorrek berretsi dute greba orokorraren deialdiarekin bat egitea, eta horretarako STEILASek Euskal Herriko gehiengo sindikalaren batasuna bilatu nahi du, etxebizitza eskubidearen eta bizi baldintza duinen aldeko borrokan indarrak batzeko.
Azaroak 11n, batu borrokara!
Leave A Comment