ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaroaren 11rako deitu dugun greba orokorrerako adostu ditugun aldarrikapenak eta mobilizazioak publiko egin ditugu gaur, Bilbon eta Iruñean egindako agerraldietan. Azpimarratu dugu greba orokor honetan Euskal Herriko markoa babestu eta defendatu nahi dugula, hau da, Euskal Herrian adostutako aldarrikapenak zabaldu eta hemengo instituzioak interpelatu. Etxebizitza eskubide bermatua izan dadila eta espekulazioarekin amaitu beharra dagoela azpimarratu dugu. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruan sakontzeko unea dela uste dugu deitzaileok.

Etxebizitza langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistak sakontzeko arrazoi nagusietako bat bihurtu da. Zentzu horretan, etxebizitzak bermatutako eskubidea izan beharko luke, publikoa, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean. Langileen pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde eta denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsa ere egin dugu sindikatuok gaurko egunean.

Hiru aldarrikapen nagusiak

Kalitatezko etxebizitza bermatze aldera erroko hiru transformazio bultzatu behar direla defendatu dugu sindikatu guztiok: batetik, espekulatzaileen espropiazioa, bestetik, jardun espekulatiboaren debekua eta, azkenik, etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa justua, langileriaren beharren arabera antolatua. Egiturazko eraldaketa hauek lortu ezean, espekulazioak eta errentismoak bere horretan jarraituko dute.

Erroko 3 aldarrikapen horietaz gain, langileentzat aringarriak izan daitezkeen beste neurri batzuk defendatu ditugu, hala nola, etxegabetzeekin bukatzea edota etxebizitzaren prezioaren jaitsiera.

Instituzioen ardura

PSOEk gidaturiko gobernua zuzenean kritikatu dugu, azken 8 urteetan ez baituelako inolako neurririk hartu egoera egituraz aldatzeko. Hala ere, maila guztietako ardurak seinalatu ditugu, bereziki Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuarena. Etxebizitzaren esparruan eskumen zabalak izan arren, negozioa indartzen duten politikak babesteko erabili dituzte. Alderdi guztietako udalen ardura ere seinalatu dugu, alternatibarik gabeko etxegabetzeak eman baitira horietako batzuetan.

Confebask eta CEN patronalak ere interpelatu ditugu. Patronal hauek dira prekarizazioa betikotzen jarraitzen dutenak eta gainera, uko egin diote hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari.

Azaroaren 11rako greba orokorra deitu dugun sindikatuok ez dugu onartuko alderdiek etxebizitzaren auzia euren interesetarako erabil dezatela, konponbide errealik planteatu gabe. Hori dela eta, aipatutako erroko aldaketak eman behar direla defendatu dugu; espekulatzaileen espropiazioa, jardun espekulatiboarekin amaitu eta etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa, langileriaren beharren arabera.

Era berean, etxebizitzaren bidez ez ezik soldaten debaluazioaren bidez langileriak bizi duen pobretzea salatu dugu deitzaileok, eta Hego Euskal Herrian azaroaren 11ko greba orokorraren aldarrikapen nagusietako bat soldatak duintzea izango dela gogorarazi dugu.

Ildo horretan, bertako errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa premiazko neurria dela adierazi dugu. Ez dira 8 hilabete 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra egin zela. Horregatik, kaleak hartu eta erroko eraldaketak bultzatzeko unea dela defendatu dugu bertaratutako sindikatuok.

Greba orokorraren eguneko mobilizazioak (Azaroak 11):

12:30ean, Bilbon (Arriagatik) Donostian (Pio XIItik), Iruñean (Gaztelu plazatik) eta Tuteran (Foru plazatik).

12:00etan: Gasteizen (Bilbo plazatik) eta Eibarren (Untzaga plazatik)

Arratsaldean ere mobilizazioak egongo dira 4 hiriburuetan zein herri ezberdinetan.