Ekitaldiak kargatzen
ekitaldia hau amaitu da.

Borroka-aliantzak pandemia garaian – mahai ingurua

Herri mugimenduen borroka moldeez ari garela maiz plazaratu da aliantzen gaia. Hainbat esperientzia biltzen dituen mataza osatu dugu azken urteotan fundazioan, hausnarketaz, esperientziaz eta korapiloz betea. Ibilbide hau borobiltzeko aukera sortu zaigu, eta datorren abenduaren 10ean Donostiako Doka Kafe Antzokian antolatu dugun mahai-ingurura gonbidatzen zaitugu.

Testuinguru pandemiko honek gauza asko aldarazi dituen arren, aktibazio soziala eta auto-antolakuntza indartzea lehen bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa dela uste dugu. Baina ezin dugu ukatu, egoera honetan herri mugimenduak bildu eta elkartzeko zailtasun askotarikoak ditugula mahai-gainean. Honen aurrean, elkar saretzeak nola berrasmatuko ditugu? Zein elementu berri jarri dira mahai-gainean? Herri mugimenduak indartu eta borroka esparruetan eragiteko gaitasuna nola landu?
Gogoetarako galdera berriak ekarri eta hainbat esperientzia elkarrizketan jartzeko asmotan,  herri mugimenduetako esparru ezberdinetan parte-hartzen duten kideak gonbidatu ditugu:

  • BALA Kolektiboko kideak

  • Gaur-Geroa-Duintasuna pentsiodunen elkarteko kidea

  • Infernua Bizirik! kolektiboko kidea

  • Groseko Auzo Zaintza Sarean parte hartu duen kidea

Zuen interesekoa delakoan, bertan edo uhinetan elkartuko gara!

Joxemi Zumalabe Fundazioko kideak.

Kontuan hartzeko oharrak:

  • Ordutegia: 18:30-20:30
  • Aldez aurretik izena ematea eskertuko dugu (komunikazioa@joxemizumalabe.eus helbidera idatzita). Izena emandakoek lehentasuna izango dute.
  • Ezin bazara hurbildu, zuzenean entzuteko aukera egongo da gure webgunean.  Arrosa irrati sareko irratietan emititu ahal izateko lanean ari gara.

Joxemi Zumalabe Fundazioko kideak.