Ekitaldiak kargatzen
ekitaldia hau amaitu da.

Gasteizko Eskubide Sozialen Kartatik idazten dizuegu. Aurrekoan komentatu bezala, birkokapen prozesu batean murgilduta gaude, eta hiriko hainbat eragileei gune honen sorreraren berri eman eta gero, hurrengo pausua emateko momentua iritsi dela uste dugu.

Hala, email honen bitartez, azaroaren 5ean, 18:00tan, Landatxon burutuko den asanblada irekian parte hartzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu. Baina, zer landu nahi dugu bilera horretan?

Sortu berria den Gasteizko Kartatik argi dugu Gasteizko errealitateari egokituko zaion plangintza zein irakurketak ahalik eta begirada anitzago batetik egitea dela aberasgarriena, eta apur bat berandu gabiltzan arren, ikasturteari hasiera emateko unea heldu da.

Hainbat mugarri ditugu begibistan, izan ere, fiskalitatearen gaineko lanketak zein aurrekontuei loturiko ekintzen antolaketa hurrengo hilabeteetan heldu beharreko erronkak izango dira; baina, Gasteizek begirada propioa beharko du, plangintza moldatu eta osatzeko.

Eta hain zuzen ere, honetarako deitu dugu asanblada irekia: Gune nazionaletik zehazten diren lanketa ildoak Gasteizko errealitatera ekartzeko, Gasteizko diagnostiko ahalik eta osatuen batetik eragiten hasteko eta gure behar eta problematikei zehaztasunez egokituko zaion plangintza aurrera eramateko.

Bilera ahalik eta aberatsen izan dadin, hiru hausnarketa galdera planteatzen dizkizuegu, eragile bakoitzak apur bat landu, eta bilera hausnarketarako espazioa ez ezik, diseinurako espazioa izan dadin ere.

  1. Zein helburu izan behar ditu Gasteizko Kartak?

  2. Zer egin dezake Gasteizko Karta zu honen partaide sentitzeko?

  3. Nola egin plazarako jauzia? Nola eraman gure aldarrikapenak kalera?

Besterik gabe, parte hartzera animatzen zaituztegu!

Agur bero bat,

Gasteizko Eskubide Sozialen Karta