Ekitaldiak kargatzen
ekitaldia hau amaitu da.

Ekintza (Urdaibai) Denona delako; mareak iristen diren tokiraino

Guggenheim Urdaibai turismo mega-proiektuaren sustatzaileak, Imanol Pradales eta Elizabete Etxanoberen hitzak janez, ez dagoz geldi. Bada besteok ere ez. Halaxe ba, irailaren 19an urteko itsaso gorenak izango direla eta, hurrengo proposamena egin dizuegu borroka honetan diharduzuen guztioi, izan talde, izan gizabanako, izan Urdaibaikoak, izan beste edonongoak.

Egun horretan iluntzean Muruetako Ontziolaren inguruetan argazkiak, bideoak eta beste egitera etortzea. Nahiz itsasontziz nahiz oinez, zein dronekin zein telefono edo kamerekin. Irudiak gero lau haizetara zabaltzeko. Ikus dezan Munduak non nahi duten makro- proiektuaren erdigunea. Ikus dezaten baita ere 2050ra begira adituek aurreikusten dutena (EJren IHOBEk berak, besteak beste) jakintsuek uste baino goizago bete dela. Hain zuzen ere Astilleros de Murueta jada legez kanpo okupatzen dituzten sailak itsasoak laster-laster estalduko dituztela, gero eta sarriago.

Dalia-Astilleroa ibilbidean egon beharreko : Dalia. Errenteriako Zubia. Kanalizazioaren zenbait leku edo puntu. Muinogorri (Murueta punte); Telleria eta inguruak. Dinamitaren nasak. San Kristobalgo padurak. Axpeko ihitzak.

Kostaldeari Buruzko 22-1988 Legea

“Estatuaren itsas-lehorreko jabari publikoaren ondasun dira, Konstituzioaren 132.2 artikuluan xedatutakoaren arabera: Itsasertza eta erribera, horren barne daudela hurrengoak:

a) Itsasbeherako lerro eskoratu edo gehieneko ekinozio-lerroaren eta ekaitzik handienetan olatuak iristen diren mugaren, edo ekinozioko gehieneko itsasgora biziak hori gainditzen duenean horren lerroaren, arteko itsas-lehorreko gunea edo eremua. Gune hori ibaiertzetatik zehar ere hedatzen da, itsasaldien eragina heltzen den tokiraino. Gune horretara biltzen dira padurak, albuferak, istingak, zingirak eta, oro har, itsasaldien gorabeheren, olatuen edo itsasoko ura iragaztearen ondorioz urak hartzen dituen lur baxuak.

b) Hondartzak edo harea, legarra eta harrikoskorrak bezalako material solteak metatzen diren guneak, malkarrak, bermak eta dunak barne, landaredun nahiz landarediarik gabekoak, itsasoaren edo itsas haizearen eraginez, edo bestelako arrazoi natural edo artifizialen ondorioz, sortuak. Lurralde-itsasoa eta barne urak, eta horien hondoa eta lurpea, dagokien legeria bereziak definitu eta araututakoaren arabera. Gune ekonomikoaren baliabide naturalak eta kontinenteko plataforma, dagokien legeria bereziak definitu eta araututakoaren arabera.”