Ekitaldiak kargatzen
ekitaldia hau amaitu da.

Zapalduon Memoria Astea (Urriak 19-24)

JARDUNALDIAK
19 urria – 24 urria

Bilboko Zazpi Kaleak eta Bilbo Zaharretik, bizi dugun garai berezi honetan memoriak duen garrantziaz jabetuta, honen inguruan hausnartu eta zerbait antolatzeko biltzen hasi ginen.

​ Hausnarketa honek memoria hitza uste genuena baino konplexuagoa den zerbait dela ondorioztatzera eraman gaitu. Memoria hitza, berez, esanahi hutsa izan dezakeen zerbait denez, zeren eta noren memoria egitea zehaztea beharrezkoa dela konturatu gara. Izan ere, paradoxikoki, memoriagintzak – memoria egiteak – ahanztura ere badakar.

Memoria kontakizun bat sortzean, halabeharrez, hainbat gako kanpoan utzi ohi dira; honek berebiziko garrantzia duten aspektu asko ahanzturan gelditzera kondenatzen dituelarik. Hau da, betidanik historiaren marjinetan egon diren subjektuei ez zaie merezi duten tokia ematen. Emakumeak, langileria, arrazakeria estrukturala jasan izan duten kolektiboak, disidentzia sexualak, etorkinak, etab. kontakizun askotatik kanpo gelditu dira (honekin ez dugu esan nahi baztertutako subjektu hauen inguruko memoriagintza egin ez denik).

​ Hau guztia dela eta, nahitaezkotzat dugu izen propioez haratago memoria lantzen jarraitzea; herri mailako kolektiboen-, herri mugimenduen-, langile antolakundeen-, gizarteko sektore baztertuenen-, etab.en memoria erreskatatzea. Zapalduon Memoria egitea. Hauek izan dira historiaren motorra eta, beraz, haien oinordeko garenok horiek ahanzturan ez gelditzeko ardura kolektiboa daukagu.

​ Gure hausnarketen beste ondorio bat memoriagintzak herrikoia izan behar duela izan da. Guztiok gara gai – eta guztiok dugu eskubidea – iraganera begiratu eta memoria ariketa bat egiteko.

Etorkizunak Memoria behar du!

Argibide gehiago:

https://zapalduonmemoria.wixsite.com/2020urria/memoria-astea