Pedro J. Macho Eilaskidearen Iritzi Artikulua. Berrian argitaratua 2014-06-14
Hainbat borrokatan bat egin dut Tasiorekin, gauza askotan berarekin ados. Honetan, aldiz, ez. Ni ere ez naiz hasiko dataren inguruko iskanbilaz. Baina bere artikuluan adierazitako mantra moduko ideia batzuek bai merezi dute erantzuna:
«Zentzu bereko bi jai»: Ez dira guztiz zentzu berekoak, bata bestea baino askoz zabalagoa da eta. Egia da euskarak biak batzen dituela, baina funtsezko beste printzipio batzuk bati gehi dakizkioke bakarrik: inklusibitatea, aniztasuna, pluraltasuna, kohesio soziala, aukera-berdintasuna… Hau da, unibertsaltasuna eta publikotasuna.
«Nazio Hezkuntza Sistema»: Herriaren eskubide horren aldeko borrokan bat gatoz guztiz. Baina nazio hezkuntza sistema izatea baino garrantzitsuagoa ere bada zer-nolako sistema den: propioa bakarrik izateak ez du berez egingo egun daukaguna baino hobea, askoz injustuagoa ere izan liteke. Hezkuntza sistema ugari daude munduan, baina haietako asko nik behintzat ez nituzke gurean nahi izango. Geurea bai, dudarik ez, baina ez edonolakoa!
«Ikastolek osatzen dute dimentsio nazionala duen hezkuntza sare bakarra»: Lurraldetasunari dagokionez bai, Euskal Herriaren egungo zatiketa administratiboa gainditu egiten duelako. Are gehiago, leku batzuetan euskaraz ikasteko aukera ia bakarra da oraindik (Nafarroan eta Iparraldean). Baina dimentsio nazionala Euskal Herriko egungo herritarron aniztasun gero eta handiagoari erreparatuz neurtu behar da ezinbestean, eta horretan ikastolek huts egiten dute nabari. Herria ez da (bakarrik) lur zati handiago ala txikiago bat, ez (bakarrik) pasaporte bat, ez (bakarrik) entitate politiko bat: herria da batez ere herritar guztiok osatzen duguna, ez batzuek bakarrik. Gauzak argi esan ditzagun: batetik, guztion gutxiengo nabaria da ikastoletako ikasleen kopurua eta, bestetik, haien profil sozioekonomikoa eta kulturala nahiko homogeneoa izaten da, jendartearen elite bat alegia. Jakinak dira ikasleak onartzeko prozesuetan segregazio mekanismoak: familien errenta, kuotak, bazkidea izatea, zonifikazioa gainditzea… Batzuek ikastolak aukera ditzakete; beste askok, jendartearen eremu askotan gehienek, aldiz, ez. Eta horrek haustura soziala sortzen du halabeharrez. Datuak ukaezinak dira: ikasle etorkinik, hezkuntza premia berezidunik, etnia gutxituenekorik eta maila sozioekonomiko baxuenekorik ez ikastoletan, horiek guztiak eskola publikoetan. Jendarte osoa abiapuntu eta helburu, beraz, non ote ikastolen dimentsio nazionala?
«Euskara eta euskal kultura gehien lantzen dutenak dira (ikastolak)»: Duela 40 urte euskara eta euskal kultura zaindu zituzten bakarrak izan ziren, bai. Baina ez gaur. Orduan eginikoa eskertzekoa da, errekonozitu beharrekoa. Baina gauzak aldatu dira, zorionez; borrokaren bidez eraldatu ditugu guztion artean. Orduan, noiz arte ordaindu beharko diegu zorra? Berriz ere datuak agerian, milaka ikasle gehiago euskaldundu ditu eskola publikoak, behartuenak eta euskalduntzeko zailenak, gainera. Gune euskaldunetan nahiko erraz suertatzen da hori, ikastoletan nahiz eskoletan. Baina eskola publikoak nagusi dira gune erdaldunetan, herri txikietan eta auzo baztertuenetan. Eta biak batera dauden tokietan bitxia da nola etxeko hizkuntzaz euskaldunak diren gehienek ikastoletara jotzen duten. Helburua, beraz, zein da, zein izan behar da: euskaldunak heztea ala euskara eta euskal kultura ez direnei helaraztea? Zertan datza, bada, euskararen egiazko normalizazioa?
«Ikastolek gabeziak dituztela? Bai, noski. Juridikoki izaera pribatua dutela? Bai, baina kasu gehienetan halabeharrez»: Egia da Nafarroako zonalde batzuetan eta Iparraldean ikastolek beste aukerarik ez dutela eta, gainera, ez dagoela ikastetxe publikoetan euskaraz ikasterik. Baina egun sare pribatuan dauden ikastola gehienek hautua egin zuten. Horietako batzuek 1987an, Euskal Ikastolen Batza sortu zutenean, legeak publiko izateko aukera emanda ere, sare pribatuan egon nahi zutela argi utzi zuten. Beste askok, aldiz, publiko izateko asmoa adierazi arren, pribatu geratzea erabaki zuten 1993an, batzuetan gutxiengoak erabilitako trikimailu legalen eraginez. Baina publifikazio prozesua berriro zabal daiteke, ezta?
Kezkagarria da oraindik ere aurreko guztia behin eta berriz entzutea. Kohesio eta justizia sozialean, berdintasunean, inklusibitatean, pluraltasunean oinarritutako hamaika koloretako jendarte eredu berri bat eraiki nahi dugunoi mingarri egiten zaizkigu hezkuntza sistemari buruz horrelako planteamenduak. Publikotasunaren funtsezko kontzeptuari dagokionez, ezin da arlo honetan bakarrik, gainerakoetan ez bezala, horren epelkeriaz aritu. Ikastolak funts publikoz hornitzen dira; zergatik defendatzen da orduan haien izaera pribatua (irakasleen kontratazioa, kontrol ekonomikoa, zonifikazioa, ikasleen onarpena, kuotak eta ordainketak…)? Ausartuko ginateke eredu berbera proposatzen osasun arloan, pentsioetan edota menpetasun-zerbitzuetan, esaterako? Pribatizazioa gogor kritikatzen dugu arlo horietan guztietan, erabateko titulartasun eta kudeaketa publikoak sutsu aldarrikatzen ditugu. Zergatik, orduan, prest azaltzen dira batzuk, agerian ala eufemismoz beteriko diskurtso anbiguoen bidez, hezkuntzan bai onartzeko?
Euskal Eskola Publikoa ezin da izan Hezkuntza Sistema Berriaren zutabeetako bat bakarrik, horren funtsezko ardatza baizik. Euskal Eskola Nazional Berria publikoa izango da, ala ez da nazio osoarena izango!
Leave A Comment