]

HITZETATIK EKINTZETARA:

HAURRESKOLAK PARTZUERGOKO KUOTAK

EGOKITU!

Iazko ikasturte amaieran, LAB eta steilas sindikatuetako Haurreskolak Partzuergoko langileon ordezkariok, alderdi politiko guztiekin bildu ginen, hezkuntza eskubide unibertsala den heinean, doakotasunaren bidea jorratzeaz gain, 0-3 zikloaren egoeraz eta aitortzaz aritu ginen.

Erronda honen emaitza Legebiltzarrak Haurreskolak Partzuergoari eta Hezkuntza Sailari ahalik eta eperik laburrenean matrikulazioa irizpideak familien egoera eta beharretara egokitzea eskatu zaiela izan da. Besteak beste, zerbitzu publiko honek dituen kuotak, familien diru sarrera eta ordutegien araberako beharretara egokituz progresibotasunean oinarrituz. Horretarako gaur egun dagoen goiko kuota muga bezala hartuaz eta orain arteko ordutegi aukeretan, tarteko ordutegia txertatuz.

Bestalde, Cristina Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua, aurreko maiatzean komunikabideen aurrean 2015-16 ikasturterako Haurreskolak Partzuergoko kuota sistema diru sarreren arabera aldatzeko aukera aztertuko zutela iragarri zuen.

Gauzak horrela, hitzetatik ekintzetara pasatzeko beharra aldarrikatzen dugu. Horrela, ikasturte hasieran, Hezkuntza sailaren aldetik gai honen inguruan berririk ez zegoela ikusita, sindikatuok Eusko Jaurlaritzari, erantzunik jaso gabe dauden bilera eskaerak bidaltzeaz gain, ekimen bat proposatu genion haurreskoletako hezkuntza komunitateari (familia, hezitzaile, udala,…); Haurreskola bakoitzeko Jarraipen batzordearen bitartez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila interpelatzea, Parlamentuaren eskaera gauzatzera behartuz. Betiere, doakotasuna lortzeko bidean urrats bat dela ulertuz.

Jakin badakigu, ekimen honek oihartzun handia izan duela gure haurreskoletan,eta familia, hezitzaile eta udalen arteko bileretan gai honen inguruan hitz egitea eta aldeen inplikazioa lortu dugu, kasu askotan, kide guztien sinadurak bilduz. Horrela, Donostiako Haurreskoletako Jarraipen batzorde guztietan dokumentua sinatu da. Bestelako jarrera azaldu dute, Bilboko eta Gasteizko udalek, kasu askotan udaleko ordezkariak eskaerarekin ados egonda ere, euren alderdietatik ez sinatzeko agindua jaso dute.

Lana eta familia uztartzeko neurriek eraso zuzena jaso duten momentu honetan, Legebiltzarrak eskatutakoak garatzeko ezinbestekoak izango dira bestelako aurrekontuak, hain zuzen ere, goian aipatutako neurriak bermatuz, eta Haurreskolak Partzuergoari bideratzen zaizkion diru partidak handituko dituztenak.

Haurreskolak partzuergoari bideratutako aurrekontuak, %7,4ko jaitsiera izan du, ondorioz, Euska Jaurlaritzak ekintza gutxi egiteko asmoa duela adierazi du.

Guk Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzuaren kuotak berraztertzea eskatzen diogu, zerbitzu publiko hau jendarte osoak erabiltzeko aukera izan dezan.

Amaitzeko, gainontzeko alderdi politikoei, orain arte egin dugun moduan, Partzuergoak dituen aurrekontuak ez onartzea eskatzen diegu, gaur egun, ziklo honek daukan garrantzia aitortzen badugu, proiektua hau doakoa eta kalitatekoa izateko urrats berriak emateko garaia izango da.

20141216_Haurreskolak LAB-STEILAS