«Gastu militarra etengabe igotzen den aldi berean, Hezkuntzako gastuaren murrizketa salatzen dugu»

Kakitzat elkarteak eta STEE-EILAS sindikatuak «gastu militarraren igoera» eta euskal eskola publikora bideratutako «aurrekontuaren murrizketa» salatu dituzte gaur goizean Bilboko Gobernu Militarraren aurrean elkarretaratzea eginez.

gobernu zibila murrizketak hezkuntzak militar gastua_content

Hego Euskal Herriak kalitatezko hezkuntza publikoa garatzeko duen «errekurtso eskasia begi bistakoa» da STEE-EILAS sindikatuaren iritziz. EAEn 2009tik 2012ra «%12,4 jaitsi da» Hezkuntzako gastua. Murrizketa horrek «zentzu askotan» izan ditu ondorio «tamalgarriak». STEE-EILASek horietako batzuk aipatu ditu: «Gure ikasleriak milaka ikastordu galdu ditu, dagozkien irakasleek behar izan dutenean ez zaie ordezkorik jarri, ikasgeletako ratioak gehiago ezinean igo dira eta eskolek behar beharrezkoa duten materialean murrizketak izan dira». Ikastetxe publikoek funtzionamendu «onerako» beharrezko duten kostua erdira murriztu da, beraz, irakasleriari lan sama «bikoiztu» diote. «Ezinbestekoa da gogoratzea azkeneko zazpi urteetan hezkuntza publikoan 262,3 miloi gutxiago inbertitu direla».

Hezkuntza langileak «Hezkuntzako eragile» sentitzen dira ikastetxeetan «irakasten ditugun Bakerako Hezkuntzaren baloreetan sinisten dugulako» eta ildo horretan, «argi» dute gastu eta politika militarrak «zalantzagarriak direla etikoki». Horregatik gaur, helburuak bat eginik, Kakitzat elkarteak eta STEE-EILAS sindikatuak protesta bateratua burutu dute Bilbon, Gobernu Militarraren egoitzaren aurrean. «Gastu militarra etengabe igotzen den aldi berean, hezkuntzaren gastuaren murrizketa salatzeko».

Elkarretaratzean, STEE-EILASek gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzak Heziberri egitasmoa, «Euskal LOMCE» sindikatuaren hitzetan. Heziberriren baitan, «Espainiako batasuna, Monarkia eta espainiar armada lehentasunezko ardatz dituen Espainiako Konstituzioaren artikuluak ikasi beharko dituzte gure ikasleek».

Gastu soziala murrizten den bitartean, 2015eko Espainiako Gobernuko Aurrekontu Orokorretan gastu militarrentzako baliabideak hazi egin dira Kakitzat elkarteak jakinarazi duenez. 2015eko atal guztien batura -hainbat ministerio eta sailetan banaturik- 23.374 milioi eurokoa da eta, EAEk ordaintzen duen kupoaren bidez, «700 milioi joango dira politika militarista hauek jarraitzeko». Kopuru horri euskal industria militarrarentzako «milioietako diru-laguntzak» gehitu behar zaizkio.

Gastu militarraren igoera zehazte aldera, Kakitzatek Estatuko Aurrekontu Orokorretako diru-partida batzuk azpimarratu nahi izan ditu, esaterako, Defentsako Ministerioaren aurrekontua (5.8000 milioi); Klase Pasiboei eta Erakunde Militarrei bideratutako aurrekontua (5.200 milioi); Armadaren armamentu eta berrikuntzaren programen zorraren ordainketara bideratutako kopurua (8.722 milioi) edota Industria Ministerioaren aurrekontua (624 milioi euro).

Zenbaki hauei Estatu Espainiarrak «armen negozioarekin hartutako zorra» erantsi behar zaiola azpimarratu du Kakitzatek. Zor hori «jadanik 40.000 milioi eurokoa da».