Kudeaketako langileen LEParen prozesua eta negoziazioa

Pasa den ostiralean Haurreskolak Partzuergoarekin izandako bileran kudeaketako langileen lanpostuak arautuko dituen prozedura hizpide nagusienetako bat izan zen.

Hainbat urtetan atzeratu eta gero, kudeaketako langileen Lanpostuen Zerrenda egingo du Haurreskolak Partzuergoak eta, ondorioz, LEP prozesu bat jarri du abian. Prozesu honen harira sortu diren zalantzak planteatzeko eta argitzeko helburuarekin, STEILAS sindikatuak hainbat galdera eta ekarpen luzatu zizkion enpresari. Hauek dira, enpresak emandako erantzunekin batera:

  • Lanpostuen funtzioen definizioa beharrezkoa dugu lanpostuen zerrendari ekarpenak egiteko. Enpresak bi konpromiso hartu zituen: langileen parte hartzea eskatzea dokumentua osatzeko eta maiatzaren lehenengo asterako egindako dokumentua alde sozialarekin elkarbanatzea.

  • Legeak ahalbidetzen duen heinean, gaur egun lanpostu horiek betetzen dituzten langileak lehenestea eta hauen esperientzia zein formakuntza kontuan hartzea prozesu guztian zehar. Enpresak ahaleginak egin nahi ditu horrela izateko.

  • LEParen deialdia ahalik eta azkarren argitaratzea/negoziatzea langileek denbora irabazi ahal izateko. Enpresak HAEE/IVAP-arekin batera definituko/diseinatuko du LEPa.

  • Lanpostu beharren azterketa bat egitea: lan-zama arintzeko langile gehiago behar dira zerbitzu ezberdinetan; gutxienez, lau.

  • Lanpostu guztiak eskainiko dituen LEPa egitea, baita arduradunen lanpostuak ere, barne promozioak sortarazten dituen zalantzak saihesteko. Enpresak eskaera aztertuko du.

  • Azterketa langileen egunerokotasunean oinarritzea, arlo teoriko zein praktikoari dagokienez.

  • Berdintasun irizpideak ezartzea Lanpostuen Zerrendan: kategoria berdina, funtzio berdinak, ordainsari berdina.

Enpresari prozesu guztia ahalik eta gehien azkartu dezan eskatzen diogu, langileen eta Haurreskolak Partzuergoaren onerako.

Zalantzarik izanez gero, jarri zaitezte gurekin kontaktuan.

Euskal Herrian, 2018ko apirilaren 17an.

2018-04-17 STEILASBERRI 11