HAURRESKOLAK PARTZUERGOKO AZKEN MAHAI NEGOZIATZAILEA

Pasa den ostiralean 2018-2019 ikasturteko lehen Mahai Negoziatzailea izan genuen Haurreskolak Partzuergoko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin. Hauek izan ziren bilera horretan landu genituen gairik garrantzitsuenak:

  • Mahai Orokorreko erabakiak (Eusko Jaurlaritzako langile publiko GUZTIEN ordezkaritza batzen duen mahaia).

1.- Ordainsarien eguneraketa (Eusko Jaurlaritzaren proposamena).

      • 2018ko urtarriletik ekainera bitartean: % 1,5eko igoera.

      • 2018ko uztailetik abendura bitartean: % 1,75eko igoera.

      • 2019an: % 2,25eko igoera.

Gainontzeko langile publikoei (Osakidetza, Hezkuntza…) 2018ko atzerapen eta eguneraketak urriko nominan aplikatuko zaizkiela jakinarazi ziguten. Gure kasuan, Gobernu Kontseilutik pasa ostean Mahai Negoziatzailetik pasa behar da Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak onartu baino lehen (baliteke azaroko nominarekin batera aplikatzea).

Erabaki hau Eusko Jaurlaritzak sindikatuekin negoziaketa gauzatu gabe alde bakarrez hartu du, eta 2019ko eguneraketa aurrekontuen legearen onarpenaren menpe dago.

Bestalde, ITZARRI erakundera (Eusko Jaurlaritzako langileen erretiro-plana) egiten diren ekarpenen eguneraketa ere izango dute langile publikoek (% 1a 2018an eta beste 0,5 bat 2019an). Gure kasuan ez da halako ekarpenik egiten, baina STEILASek azken urteetan aldarrikatu duen bezala, oraingoan ere eguneraketa hori zuzenean gure soldatetan gauzatzea eskatu dugu. Halakorik ez badugu lortzen, ITZARRIn ekarpenak egiteko aukera baloratzea eskatu dugu.

2.- Gaixotasun bajak.

2018ko irailaren 1etik aurrera hartu ditugun gaixotasun bajek % 100eko ordainsaria jasoko dute. Orain arteko zigorra ez dute gehiago aplikatuko. Urriaren 23an Gobernu Kontseiluak egingo duen bileran zehaztuko da gai hau, eta iraila eta urrian hartutako bajek izan dituzten kenketak azaroko edo abenduko nominetan erregularizatuko dira, Haurreskolak Partzuergoaren arabera.

3.- Errelebo kontratuak.

Momentuz, 2018ko abenduaren 31ra arteko araudia dago indarrean. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera ez dira errelebo kontratuak onartuko, Mahai Orokorrean (gutxienez) sindikatu BATEKIN adostasuna lortzen ez bada.

STEILASek berriz ere azken urteetako aldarrikapenari eutsi zion: Haurreskolak Partzuergoko langileok zahartze-plan propioa behar dugu, ez baita nahikoa Mahai Orokorrean hartuko diren edo ez diren erabakien menpe egotea. Honekin, besteak beste, gure lan-baldintza propioen ERREKONOZIMENDUA lortuko genuke.

  • Kudeaketako Langileen (Eibarreko bulegoko lankideen) EPE prozesua.

Kudeaketa langileen EPEari dagokionez, iazko azken bileran STEILASek enpresari EPE prozesuaren oinarri legalaren inguruan egin zizkion galderak erantzun gabe daude oraindik. Hilaren 28an izango dute bilera Funtzio Publikoko arduradunekin, eta orduan zehaztuko omen dituzte EPEaren oinarri legalak.

Bitartean, STEILASek kudeaketako langileen lan-zama arintzeko lanpostu gehiagoren beharra azpimarratu zien enpresari eta Eusko Jaurlaritzari berriz ere: Arabarako kudeaketa arduradun propioa ezinbestekoa da eta pertsonal eta formazio sailak indartu behar dira, gutxienez.

  • Gure aldetik, pasa den astean enpresari eskaera oso zehatza helarazi genion, gai ordenari dagokionez. Aitzaki ezberdinak erabilita, ez zuen STEILASek eginiko eskaera kontuan hartu. Hauek dira, gure ustez, Haurreskolak Partzuergoko negoziaketetan gehiago atzeratu gabe landu behar diren gaiak:

  • Lan Hitzarmeneko 47. artikulua: Borondatezko eszedentzien lanpostuen erreserba egotea, bai finkoentzat, bai LEP arteko kontratua duten langileentzat ere. Enpresaren proposamenaren zain gaude.

  • Lan Hitzarmeneko 21. artikulua (txanda egunak hartzeko prozedura): Enpresak berriz arautu du Jarraibide Orokorren bitartez langileen ordezkarien oniritzia izan gabe.

  • Haurreskolak Partzuergoko etorkizuna bermatzeko eta matrikulazioa igotzeko plangintza.

Haurreskolak Partzuergoan ikasturte berrian matrikulazioa berriz jaitsi da. Ezinbestean neurriak landu behar dira joera honi buelta emateko.

– Matrikulazio epea otsailetik maiatzera zabaltzea, etenik gabe, matrikulazio kanpaina orokorrarekin batera hasteko.

– Doakotasunaren bidean Haurreskolak Partzuergoko kuotak merketuko dituzten neurriak hartzea, kuota desagertu arte.

– Iaz ez bezala, matrikulazio kanpaina indartsu eta erakargarriak gauzatzea.

– Haurreskolak Partzuergoko haurreskolak baino merkeagoak diren 0-2 eskola pribatuei diru-laguntzak kentzea.

– Zentro pribatuetan 0-2 ziklotik 3 urteko geletara ematen den matrikulazioaren kontrola ziurtatzea, matrikulazioa aukera berdintasunean ematen dela bermatzeko.

– Urtetik urtera Haurreskolak Partzuergoko eta 0-2 adin tartea eskaintzen duten zentro pribatuetako matrikulazioaren garapena aztertu eta kontrolatuko duen batzorde bat eratzea.

18.000 € baino gutxiagoko irabaziak dituzten familiendako Haurreskolak Partzuergoa doakoa izango dela lau haizeetara zabaldu eta gero, oraindik neurri hori gauzatu gabe dagoela ere gogorarazi genien bileran. Eusko Jaurlaritzako ordezkariaren hitzetan, neurri hau aurrekontu legearen onarpenaren menpe dago baita ere. Datorren urtean zehar abian jarri nahi dutela adierazi zigun. Ez da nahikoa, hala ere; Haurreskolak Partzuergoko doakotasunaren bidean lehendabiziko urratsa behar du izan.

Ikasturte garrantzitsua dugu aurretik, argi dugu STEILASen. Haurreskolak Partzuergoak behar duen etorkizuna gaur bermatu behar da, eta honi guztiari buruz hitz egiten hasteko garaia dela uste dugu STEILASen. Haurreskolak Partzuergoak eta Eusko Jaurlaritzak dute orain hitza eta ardura.

2018-09-25 STEILASBERRRI 1(1)