Prentsa oharra: STEILAS eta ELA sindikatuek beste bi greba egun deitu dituzte Haurreskolak Partzuergoko Kudeaketa langileen kolektiboan

Abenduan egindako bi lanuzte eta lehen greba egunaren ondoren, otsailaren 5ean eta 6an beste 2 greba egun  egingo dituzte kudeaketa langileek.

Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa langileek urteak daramatzate lan baldintza prekario eta onartezinetan  lanean: ez dute lanpostu zerrendarik, %100 behin behinekoak dira, ordezkapenak bete beharrean langileak  arlo batetik bestera mugitzen dituzte lan zama jasanezinak eraginez. Hezkuntza Sailarekiko, bataz beste, 2  kategoriako aldea dute honek sortzen duen soldata arrakalarekin, etab. Bizi duten ziurgabetasun, prekarietate  eta lan kargek egoera jasangaitza bihurtu dute eta honek azken hilabeteetan langileen %64ak bere lanpostua  utzi behar izatea eragin du.

2018ko martxoan Haurreskolak Partzuergoak LAB sindikatuarekin sinatutako akordioak Kudeaketa langileen  lanpostuen zerrendaren, LEP prozesuaren eta ordezkoen eta barne-promozio araudien negoziazioak jasotzen  zituen. Baina zehaztapen ezak langile hauen lanpostuak kolokan jarri zituen. Akordioa sinatu zenetik ia  urtebete pasa denean, Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak langile hauen lan baldintzak  hobetzeko aurrerapausorik eman gabe jarraitzen dute, inongo lanketa eta negoziazio sakonik burutu gabe  oraindik.

Egoera honen aurrean, STEILAS eta ELA sindikatuek Kudeaketa langileen aldarrikapenak babestu, eta pasa  den abenduan mobilizazioekin hasi ginen, %75etik gorako jarraipena izan zuten 2 lanuzte eta egun osoko greba egun bat eginez. Honakoak dira kudeaketa langileen aldarrikapenak:
• Lanpostu zerrenda duina osatu.
• Kategoria eta soldatak Hezkuntza Sailarekin parekatu.
• Ordezkoen araudi propioa sortu.
• Gaur egungo langileak finkatzeko LEP prozesua garatu.

Mobilizazio, lanuzte eta greba deialdiek sortu zuten presioaren ondorioz, Haurreskolak Partzuergoak  lanpostuen Balorazio Batzorde bat sortzeko proposamena jarri zuen mahai gainean soldata, kategoria,  funtzioak, etab. definitzeko. Hasiera batean, Batzorde honetan administrazioko 2 kidek eta langileen  ordezkarien bi kidek parte-hartzea proposatu zuen enpresak, langileen ordezkaria den sindikatu bat Batzorde  horretatik kanpo utziz. Erabaki hau baztertzailea eta onartezina zela salatu genuen. Azken mahai negoziatzailean, LBBa Hezkuntza  Saila eta Partzuergoko 3 kide eta langileen ordezkarien 3 kideekin osatzea onartu zuen enpresak.

Hala ere, STEILAS eta ELA sindikatuontzat Partzuergoak helarazitako Batzordearen funtzionamendu txostena  onartezina da: ordezkaritzaren baitan erabakiak hartzea proposatzen da eta langileekin ezingo da
kontrasterik egin, proposamenak jasotzen duen konfidentzialtasun klausula dela eta. Eta bestetik, egutegi  zehaztugabea proposatzen da, enpresak negoziaketa luzatu eta langileen desmobilizazioa bilatu nahian.

Bai STEILASek eta baita ELAk ere, oso argi dugu negoziazio eremua mahai negoziatzailea dela, ordezkaritza  daukagun sindikatu guztion parte hartzearekin, eta ez dugula negoziaketa hau gehiago luzarazteko estrategiarik onartuko eta inondik inora ez dugula langileengandik ezkutuan negoziatuko.
Hainbat urtetan kudeaketa langileen lan baldintza eta egoera prekarioari irtenbiderik eman gabe ostean,  mahai negoziatzailean egindako planteamendu hauek langileekiko arduragabekeria eta errespetu falta izugarria suposatzen dute. Baina gure aldarrikapenak lortu arte borrokan tinko jarraitzeko erabakia hartua  dugu. Zentzu honetan, otsailaren 5erako eta 6rako beste bi greba egun egingo ditugu kudeaketa langileen  kolektiboan Haurreskolak Partzuergoari langile hauen lan baldintzak duinduko dituen proposamen serio bat mahai gainean jar dezala exijitzeko, horrela izan ezean greba eta mobilizazioekin jarraituko baitugu.

HAURRESKOLAK PARTZUERGOKO KUDEAKETA
LANGILEEN LAN BALDINTZA DUINAK NEGOZIATU!
STEILAS eta ELA sindikatuak

2019-01-31T17:08:23+00:0031 enero 2019|CAPV, Haurreskola, Notas de prensa, Noticias|

Leave A Comment